Neurketako bederatzigarren minutuan aurreratu da Mondra markagailuan, Josu Diazek 0-1ekoa lortu baitu, bigarren zutoinean baloia sareetara bidali ondoren. Arrasateko taldeak kontrolpean izan du norgehiagoka 0-1ekoarekin, baina Aretxabaletak partida berdintzeko aukera argiak izan ditu, atsedenaldia heldu aurretik. Etxekoek ez dute asmatu, eta Mondra biagrren gola egiteko zorian izan da, 45. minutuan. Hala ere, Aretxabaletako atezainak sekulako gelditua egin du, baloia kornerrera bidaliz.
Bigarren zatian, gauzak erabat aldatu dira. Mondrak norgehiagokaren kontrola galdu du, eta Aretxabaletak ezustekoa ematea lortu du. Partidako 49. minutuan, epaileak etxekoen aldeko penaltia adierazi du, eta Bixen Meabek ez du hutsik egin hamaika metroetatik (1-1).
Hala ere, partida berriro aldapa gora jarri zaio Aretxabaletari, jarraian, hamar jokalarirekin gelditu delako, Mikel Alberdik bigarren txartel horia ikusi ostean. Mondra erasoan murgildu da, jokalari bat gehiagorekin, baina ez du erasoan asmatzerik izan. Izan ere, norgehiagoka Igor Altubek erabaki du, gol ikusgarri bati esker (2-1), bigarren zatiko 30. minutuan.