Laurendako estreinua Zubikoan

Xabier Urtzelai 2016ko ots. 12a, 09:05
Jon Ander Albisu, Iñaki Artola, Joseba Ezkurdia eta Abel Barriola, atzo Oñatin.

Domekan goraino beteko dira Zubikoako pilotalekuko harmailak. Eta badago horretarako motiborik, atzo Oñatin egindako pilota aukeraketan lau pilotariek "finaltzat" jo zutelako domekako hitzordua. Ezkurdiak eta Barriolak garaipena behar dute bizirik jarraitzeko, eta Artolak eta Albisuk ezin dute hirugarren hanka-sartzea jarraian egin. Inork ez du aurrez Oñatin jokatu.

"Telebistaz ikusi izan dut Oñatiko pilotalekua, baina ez dut inoiz bertan jokatu", adierazi zuen pilotarien artean beteranoenak, Abel Barriolak. Bada pentsa, Barriolak jokatu ez badu, besteek ere ez, ezta kategoria txikietan ere. "Pilotaleku zorrotza da, ez du akatsik onartzen, baina zoru noblea du eta hemen galtzen duenak ez du frontoiaren aitzakia jarriko", adierazi zuen Barriolaren bikote Ezkurdiak. Badaezpada, baina, Aspeko pilotariek pilota aukeraketaren ostean lan-saio bat egiteko aprobetxatu zuten, besteak beste, agertokira ondo ohitzeko.

Artolak eta Albisuk ere ez zuten arazorik jarri, eta gipuzkoarrek garbi utzi zuten partidua galduz gero arazoak izango dituztela: "Bazirudien dena eginda geneukala, baina azken bi partiduak galdu ostean ez dugu esango larritu egin garenik, baina bai presioa sumatzen dugula. Orain bi puntuko aldea dugu Ezkurdia eta Barriolarekiko, eta galduz gero puntu bakarrera txikituko litzateke alde hori".

Nafarrendako, finala

Barriolak eta Ezkurdiak, berriz, bizirik irten gura dute Oñatitik. Azkeneko partiduan Irujoren eta Rezustaren kontra jasotako errepasoa dagoeneko ahaztu dute, edo hori ahazteko bidean, onena lehenbailehen jokatzea da: "Sekula ez dago asmatzerik. Bederatzi egun izan genituen partidu hura ondo prestatzeko, eta ikusi zer gertatu zen, gainetik pasa zitzaizkigun. Orain, berriz, atsedenerako egun gutxiago izan ditugu, baina kasik hobeto. Bi bikoteak gaude presio handiaz, eta ez dago aurreratzerik partidua nondik joango den", zioen Barriolak. Eta Ezkurdiak gaineratu: "Defentsa lan ona egitea garrantzitsua izango da, baina defentsa lanaz bakarrik nekez irabaziko dugu, erasora egin behar da".

Material aukeraketa

Ezkurdiak eta Barriolak pilota arinagoak aukeratu zituzten, 104.8, 104.5 eta 104.3 gramotakoak. Artolak eta Albisuk, ostera, eskuan erabiltzeko pilota zorrotzagoak aukeratu zituzten, 105.9, 105 eta 104.9 gramotakoak.

Pilota eskolako haurrak frontoian egongo dira

Aurreratu moduan Zubikoako pilotalekua bete egingo da domekan: "Pilota eskolako gazteak doan sartuko dira frontoira. Urtean behin halako jaialdi bat antolatzen saiatzen gara, eta garrantzitsua da eurendako, profesionalak gertutik ikus ditzatela, izan daitezela pilotariak gazteen ispilu", adierazi zuen entrenatzaile lanetan jarduten duen Sergio Uriartek. "Eta, horretarako Barriola da erreferente onena, nekez ezagutuko dugu hura baino pilotari profesionalagorik". 

Aitor Mendizabal antzuolarra, aurretik

17:00etan hasiko duten jaialdian, partidu nagusiaren aurretik Aitor Mendizabal antzuolarrak jokatuko du, Erostarberekin batera. Eta, Elordi-Irusta bikotea izango dute aurrean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak