Amodiozko Gutunen Lehiaketa 2016: Bigarren saria

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko ots. 12a, 10:00

Eneko Barberenak jasoko du bigarren sariaren zati bat (Arrasate, 1983). Bi politikarien arteko harremanaren arteko gutuna da; David Fernandezek Artus Masi idatzitakoa. 

Mediterraneo ertzean 2016ko urtarrilaren 4an,

 

Beti izan dut Serrat zalean zinenaren susmoa. Baina L'Estacaren “Si estirem tots, ella caurà i molt  de temps no pot durar, segur que tomba, tomba, tomba ben corcada deu ser ja” belarrira xuxurlatu zenidanetik nire koherentzia zulatzen duen pipia zara.

Gogoan dut behin ez zenuela sartu nahi izan Sants-eko kooperatiba hartara. Goizeko ordu txikiak ziren eta itxita egon arren zure ezerosotasuna Güell parketik ere ikus zitekeen. Ze ironikoa ezta? Montesco eta Capuleto beste behin, irriz Pablo lagun akademiko madrildarrak zioskun moduan star-crossed lovers besterik ez ginen.

Zure esfortzua baloratu eta estiman hartu nuelako joan natzaizun bisitan Cadaquésera. Costa Brava zoragarria da, ezin uka, baina 15 eurotako Gin-tonic artean ezin naiz eroso egon. Eta janzkera... beti izan dut irudipena aberatsok hobeto daramazuela giro informaletara moldatzea. Niri aldiz oso nekeza zait erabakitzea ni izan ala mozorrotzea, beti funanbulistaren alanbrean koherentzia politikoa eta esker onaren artean.

Ba ote crownfounding bidez finantzatu diren enpresa kooperatibo naturarekiko errespetudun eta hezkidetzaileek eginiko amerikanarik?

Bizitza bilera arteko tartea dela pentsatzen dut maiz. Azkenaldian dezente egitea tokatu zaigu bioi, aktualitatearen morroi gara. Gogamenak ihes egiten dit maiz, Piriniotara, iraganera eta etorkizunera.  Eta han zu ikusten zaitut, etorkizunean gotor, nahiz eta egun gauzek itxura onik ez duten.

Ez goaz ondo. Honezkero Marianok ere badaki hori. Diagonalean aurreratzen ahalegindu gara, diadan dianan joz, baina ez da xakeko Dama izateko garaia. Dorre garaia da, mugimendu mugatuen eta irudimen eskasaren tenorea. Gaudi euskaldundu eta Oteiza katalandu bailitzan. Irudimenaren giltzarrapoa da gogorkeria, talentuaren kimatzailea.

Gure artekoa ezinezkoa dela erabaki zen atzo bilera itxian. Besarkadak klandestinoak dira orain, Ciutat Mortá gara. Lehen ezerosoa zena ezerosoago zaigu, nazio berrien jaiotzan baino fede handiagoa dago inperio zaharren biziberritzean. Tratu txar emaleen garaipena.

Akordatzen zara Piriniotan Kilian, zu eta hirurok paseatzen aritu ginenean? Goiz zoragarria izan zen, eguzkitsua. Aire garbiak gure birikak biziberritu zituen, egunerokotasunak kutsaturiko egurats fisiko eta mentala arinduz. Kilianek kontatu zigun nola prestatzen zituen berak lasterketak, nola entrenatzen zuen egunero, nola gogoratzen zituen iturburu eta fruitu jangarrien sastrakak jana eta ura motxilan eraman beharrik ez izateko. Urrun joateko arin joan behar dela gomendatu zigun. Elkarri begietara begiratu geniola amestu genuen eta nik txinpartak ikusi nituen zure begietan.

Ze urrun geratu zaigun hori ezta?

Errealitatea baita ez garela arinak. Zure pisuaren %3a zama astunegia. Nire kamisetetako lemak kate zurrunegiak.

Nik sinistu zintudan Artur, nik zure begiradan irakurri nuen bazenuela ausardia. Akaso nik jendeari begietara begiratzeko ohitura dudalako, gero eta jende gutxiagok duen ohitura. Orain jendeak mila txio irakurtzeari esaten dio “ondo informatuta egotea”, nahiz eta mezu guzti horiek parrokia bereko bezeroen eskutik etorri. Kopurua gure ezjakintasunaren lasaigarri, gure esfortzu gogo-ezaren apaingarri. Zurekin jendeak gorbata ikusten du bihotza estaltzen, titularra ausardia ezkutatzen, iragana oraina lausotzen, lagun eskasen konpainiak zure balioa gutxiesten.

Molt honorable, zure biktima gara denok. Egunen batean sandalia eskuan joango natzaizu bila, ez pentsa gangsterrak bakarrik atzerrian ikusten ditugunik... Andorrako diru zikinak bihotzik ez du, ez duzu pasa Kataluniako herritarren maitasunaren azterketa teknikoa Jordi.

 Nahasten ari naiz Artur, barka. Ez naiz, ez gara, onak gauzei amaiera jartzen. Ilusioa piztea errazagoa baita kandela izioturik mantentzea baino. Garrak bizirik eusteko printzipioak erre behar baitira maiz, beti gose den sutan. Eta guk nahiago izaten dugu hotzez hil, Antartikako Scott burugogorra lez, hotzez baina arrazoiarekin. Ulertu gabe gauzak eder asko arrazoi gabe doazela aurrera eta hain justu horregatik direla bizirik, gehiegi pentsatzearen kaltea neurtezina delako maiz. Independentzia ez da leiho-hegian hozten utzi beharreko tarta.

 Guk badakigu berotasuna ausarta dela eta ausardia beroa. Zentroa urtu eta ertzak erkatzeko beste behintzat.

 Gurean ez zen berdinketarik Artur, biok irabazi genuen emantzipazio prozesuan. Norbera aldatu herrialdea aldatzeko? Oroitzen zara nola esaten genion hori elkarri? Inor ez da ezinbestekoa… aurreiritzi eta beldurrak kentzea baita benetako askatasuna. Letra larrizko askatasunaren aurretik askatu ginen biok.

 Ni jada erretiratu nintzen, zuk erretiratu nahi bazenu badakizu nire besoak zabalik aurkituko dituzula. Ezinezko herrialde baten maitasun zinezkoak batzen baikaitu Artur, ez egunerokotasun hits eta petralak.

 Bidean zure, David.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak