Harmailek itxura paregabea erakutsiko dute bihar, zapatua, ligako partidu erakargarrienetako bat delako hirugarren dagoen Izarraitz Aloña Mendik eta lider dagoen Ford Mugarri Arrasatek Zubikoan jokatuko dutena. Joanekoan, Iturripen, oñatiarrek ez zuten batere gozatu, eta arantza atera gura dute, etxeko zaleen aurrean gainera. Horixe azaldu dio GOIENAri bigarren entrenatzaile Rafa Zuluetak: "Goiz iritsi zitzaigun partidu hura, eta sentsazio txarrak utzi zizkigun. Urteak ziren bi taldeek elkarren kontra jokatzen ez genuela, eta ez ginen ondo egon".
Arrasatekoen eta Oñatikoen artean dagoen pike sanoa alde batera utzita, oñatiarrek errebantxa hartzea baino askoz ere gehiago dute jokoan, joan den astean Zarautzen kontra estropezu egin ostean Basaurik eta Ford Mugarri Arrasatek aldea handitu dutelako. Arrasatekoek 30 puntu dituzte, Basaurikoek 29 puntu, eta oñatiarrek 25 puntu –txantxikuek partidu bat gutxiago jokatu dute–. Hala, aurrekoen trena ez galtzeko ezinbestekoa dute Ford Mugarri mendean hartzea: "Pena izan zen joan den astean Zarautzen galdu izana. Egia da aurreko biekin alderatuta partidu bat geratzen zaigula jokatzeko, baina hala ere, zapatuan galduz gero Arrasatek 5 puntuko abantaila izango luke, hain zuzen, liga osoan barkatu duten puntu kopuru berbera". Zarautzen kontrako partiduak, gainera, porrotaz batera beste albiste txar bat utzi zuen, Jon Irizarren lesioa.
Arrasate aldean ere ez daude gogo faltan: "Badakit jokalariak oso motibatuta daudela", dio Andoni Arandok. "Pertsonalki, gustatuko litzaidake igoera fasera gurekin batera oñatiarrak sailkatzea, baina liga amaieran ikusiko da hori. Oñatiarrei irabazten badiegu koltxoi polit bat izango genuke, eta garrantzitsua da hori, partidu asko geratzen direlako eta edozein momentutan izan dezakegulako beherakadatxo bat. Gainera, liga amaiera gogorra izango dugu, Urduliz, Basauri eta Corazonistasen kontra".