INEk eguaztenean kaleratu ditu Jabegoarekiko Eskubide Transmisioen gaineko estatistikak. 2015eko datuen berri ematen du.
Horien arabera, 2015ean 28.740 etxebizitza eskualdatu ziren Euskadin; horietatik 13.770 salerosi egin ziren; 707 donazioan eman ziren; 214 permutan eman ziren; 8.557 herentzian jaso ziren; eta beste 5.492 etxebizitza bestelako operazioen bidez eskualdatu ziren. Espainian, 716.835 etxebizitza eskualdatu ziren, horietatik 354.132 salerosketan.
Bigarren eskukoak dira gehienak
Euskadin salerositako 13.770 etxebizitza horietatik gehienak, 11.675, merkatu librekoak ziren; 2.095 babestutako etxebizitzak izan ziren. Bestalde, 3.234 etxebizitza berriak ziren, eta 10.536, erabilitakoak. Espainiako zifrak hauek izan ziren: 354.132 salerositako etxebizitzetatik 318.055 (%89,8) merkatu librekoak, eta 36.077 (%10,2), babesekoak; 276.267 (%78), bigarren eskukoak, eta 77.865 (%22), berriak. Salerositako etxebizitza libreak %11,1 gehiago izan ziren iaz 2014an baino, eta babestutako etxebizitza, %10,8 gehiago. Bestalde, bigarren eskuko %37,2 etxebizitza gehiago salerosi ziren 2014an baino, eta %33,7 etxebizitza libre gutxiago.