Ertzaintzak ez du jaso salaketarik ume-bahiketa saiakerekin lotuta

Ubane Madera 2016ko ots. 9a, 14:59

Sare sozialetan bolo-bolo dabil atzo (astelehena) eta egubakoitzean Eskoriatzan ume bahiketa saiakerak izan direla. Bada, Ertzaintzak aditzera eman du eurek ez dutela ez gertakari baten eta ezta ere bestearen salaketarik jaso. Aldiz, jakinarazi dute mutiko baten gurasoek jo dutela eurengana atzo jazotako gertaera baten abisu emanez.

Haien arabera, 10-12 urteko mutiko batzuk Eskoriatzako skate-parkean jolasean zebiltzala furgoneta zuri bat pasatu zen, eta mutikoek ikusi zuten barrutik eurak zebiltzan ingurura begira zeudela. Mutikoek izutu eta alde egin zuten.

Zurrumurru batek eraginda

Poliziak emandako informazioaren arabera, mutikoak beldurtu egin ziren, ze zurrumurru baten arabera, barikuan ume-bahiketa ahalegina izan zen Eskoriatzan leku berean. Edozein modutan, azken zurrumurru horren berririk ez du poliziak, ez salaketa eta ezta jakinarazpen modura ere.  

 Kontuak kontu, Ertzaintza harremanetan jarri da Eskoriatzako Udaltzaingoarekin, eta inguruak zaintzen ibiliko direla adierazi dute. 

Datuak hartu, eta abisatu 

Era berean, eskatu dute halako gertakari bat izanez edo ikusiz gero, ahalegina egin behar dela datuak hartzen: matrikula, modeloa, gidariaren deskribapena… eta ahalik eta lasterren eman abisua Ertzaintzari. "Momentuan deitu eta gu joango gara", diote. 

Bestalde, gaineratu dute sare sozialetan esaten denaren kontrara, oraingo gertakari hau ezin dela Bergaran orain dela hamabost egun izandakoarekin lotu. Bereziki, aldi hartako gertakarian gizonezkoa oinez zihoalako. Poliziak, behintzat, ez du loturarik egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak