Europako funtsekin proiektuen kostuaren erdia estaliko da. EGEFen barruan 18.445.109 euro emango dizkio Aldundiari, eta EGFren barruan, 2.925.000 euro (21.370.109 euro, guztira).
EGEF funtsetan Aldundiak duen parte-hartzea 12 proiektutan jasotzen da, lau gaikako lan ildo nagusitan sailkatzen direnak: informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera, kalitatea eta eskuragarritasuna hobetzea; enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzea; sektore guztietan karbono gutxiko ekonomia baterako aldaketa erraztea; eta ingurumena artatzea eta babestea, eta baliabideen efizientzia sustatzea.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak: Gipuzkoako E-Gobernurako zerbitzuak eta aplikazioak, eta zerga, gardentasuna, diru laguntzak, datuen trukea edo kontratazio elektronikoari lotutako plataformak martxan jartzea aurreikusten da.
Enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna: Enpresen sorrera babestuko da 3.689.056 eurorekin, oinarri teknologikoko enpresa berriei erreparatuz bereziki (OTEB), eta Lurraldeko enpresa txiki eta ertainen finkapena eta berrikuntza sustatuko dira.
Eredu energetikoaren aldaketa: Errepideetako argiteria instalazioak egokituko dira, Gipuzkoako bizikleta bideen Lurraldearen Arloko Plana garatuko da, energia berriztagarriak eta eraikin publikoetako efizientzia energetikoa bultzatuko dira, Lurraldebuseko garraio txartelen interoperatibitatea lortzeko hardwarea eta softwarea diseinatuko da, eta autobus flota berrituko da, energia eraginkortasuna hobetzeko.
Ingurumena: Ibai ibilguak iragazkortzeko lanetara bideratuko dira funtsak.
Enpresa txiki eta ertainendako 31 milioi kreditutan
EGEF funtsen barruan dago ere ETE ekimena, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei finantzaketarako bideak erraztea helburu duena. 989.279 euro inbertituko dira egitasmo honen barruan, eta horri Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Administrazio Orokorraren ekarpen proportzionala gehitu behar zaio. Guztira, 3,9 milioi euroko kopurua batzen dute hiru erakundeek; eta Inbertsioetarako Europar Bankuaren (IEB) eragin multiplikatzailea ezarriz gero, Lurraldeko enpresa txiki eta ertainentzat 30,96 milioi euroko kopurua suposatuko du, kredituetan.
Enplegurako, 5,8 milioi
EGFri dagokionez, Gipuzkoaren partaidetza ‘Autoenplegua sustatzen’ izeneko ekimenaren bitartez gauzatzen da. Bi lan ildo nagusi ditu: Txekin, enpresen proiektuei laguntzeko, enpresak sortzeko prozesuetan; eta Emeki, emakumeek enpresak sortzeko bultzatutako prozesuei laguntzeko eta indartzeko. Guztira, Aldundiak 5.850.000 euro inbertituko ditu atal honetan, enpleguaren jasangarritasuna eta kalitatea eta lan mugikortasuna errazteko. Desgaitasuna dutenen, langabeen, bazterkeria pairatzen dutenen, eta pobrezia arriskuan daudenen laneratzea da jorratzen den alorretako bat.
Lasak nabarmendu duenez, Europako funts hauen izaera bat dator Aldundiak esku artean dituen lan ildo eta lehentasunekin. Hala, ziurtatu du lagungarriak izango direla Gipuzkoa “kohesionatuagoa, jasangarriagoa, berritzaileagoa, garatuagoa eta solidarioagoa eraikitzeko bidean. Argi daukagu Lurraldearen etorkizunerako, ezinbesteko apustua dela modernizazioa eta jarduera ekonomikoa bultzatzea, epe luzean gure ongizate sistemari eusten lagunduko duten diru sarrerak sortuz, inor sekulan bazterrean gelditu ez dadin”.