Cesar Arrondo: "Euskal diasporaren zati bat zeregin garrantzitsuago bat noiz helduko zain dago"

Cesar Arrondo hitzaldia egiten, atzo, Kulturaten.

Argentinako La Plata Unibertsitateko historia irakaslea da Cesar Arrondo, eta Alkartasuna Fundazioak antolatuta hitzaldia egin zuen, atzo, Arrasateko Kulturaten. Sortua duten Estaturik Gabeko Nazioen Behatokiari buruz aritu zen, besteak beste.

Euskal diasporaren jatorria azaltzeko Euskal Herriaren historiaren errepasoa egin zuen, atzo, Cesar Arrondok Kulturaten. Kolonizazio garaian iritsi ziren lehen euskaldunak Argentinara, baina migrazio olatu handiena XIX. mendean izan zen Gerra Karlisten garaian. Azken olatu handia Espainiako Gerran eta ondorengo urteetan eman zen. "Argentinako euskal diasporan gutxi dira, gaur egun, Euskal Herrian jaiotakoak; gehienak hirugarren edo laugarren belaunaldiko euskaldunak dira", azaldu du Arrondok. "Nire kasuan ere aitonak egin zuen Euskal Herritik Argentinarako ihesaldia".

Arrondok dio Argentinak 40 milioi biztanle dituela eta horietatik %10 dela lehen lau abizenen artean gutxienez bat euskalduna duena. Datu gehiago ere ematen ditu: "Kalkulatuta badago euskal jatorriko sei milioi pertsona dagoela Euskal Herritik kanpora, lau milioi Argentinan daude (...) Eta Euskal Herritik kanpora 200 bat euskal etxe badaude, 100 Argentinan daude". 

Euskal diasporaren potentzialtasuna

Hitzaldiak ematen ditu Arrondok. Asko eta asko unibertsitatean zein Argentinako euskal etxeetako gazteei. "Jendeak badu interesa euskal kulturan, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoan, erabakitzeko prozesuan...", azaltzen du. "Mantendu dituzte kultura, tradizioak... eta oso sentimendu indartsua dago".

La Platako unibertsitatean orain hiru urte sortu zuten Estaturik Gabeko Nazioen Behatokia. "Bertan gaude euskaldunak, kataluniarrak, irlandarrak, sahararrak, kurdoak... Eta ikerketarako eta egoera horretan dauden nazioen berri emateko tresna da".

Arrondok uste du Israelen, Irlandaren eta Armeniaren kasuetan moduan diasporak paper garrantzitsua joka dezakeela Euskal Herriaren autodeterminazio prozesuan. "Euskal diasporaren zati bat zeregin garrantzitsuago bat noiz helduko zain dago", dio.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.