Gasteizko hilketa salatzeko bilkurak gaur Arrasaten, Bergaran, Oñatin eta Aretxabaletan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko urt. 28a, 09:55

Gaur, eguena, elkarretaratzeak egingo dituzte Debagoieneko herrietan, Gasteizko 17 hilabeteko neskatoaren hilketa –leihotik botata; sexu gehiegikeriak ere egozten dizkiote ustezko egileari– eta umearen amaren kontrako sexu erasoa salatzeko.

Arrasaten, Herriko Plazan, Erasorik ez erantzunik gabe lelopean egingo dute bilkura, 19:00etan. Emakumeen Mundu Martxa taldeak deitu du eta EH Bilduk bat egin du deialdiarekin: "Indarkeria matxistak bere aurpegirik basatiena erakutsi du. Hil egin da Gasteizen gizonezko batek sexualki eraso eta leihotik behera bota zuen 17 hilabeteko haurra. Onartezina da eta ezin gara geldirik geratu. Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da, arazo publikoa, kolektiboa eta politikoa. Guztion ardura da hari aurre egitea", adierazi dute.

Bergaran ere 19:00etan egingo dute bilkura, San Martin plazan. Martxanterek bidalitako oharrak zera dio: "Indarkeriaren legearen arabera eta erakundeen arabera erailketa hau ez da indarkera matxista izango. Komunikabideek diote epaileak ebaluatu egin behar duela sikiatrikora edo kartzelara eramaten duten. Ez da gizon zoro bat, indarkeria matxista da! Ozen salatu dezagun erailketa hau!".

Bergako Udalak ere Gasteizen gertatutako "erailketa matxista" gaitzetsi egin du, eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa kolektiboak gaurko deitu duen kontzentrazioarekin bat egin, herritar guztiak bertara deitzearekin batera.

Oñatin, berriz, 18:30etan izango da bilkura, herriko sare feministak deituta. Oñatiko Udalak bat egiten du protestarekin.

Aretxabaletan, Udalak deitu du elkarretaratzea, "gaitzespena" adierazi eta "biolentzia horren aurka antolatzera" gonbidatuz; 19:00etan da, Herriko Plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak