Euskadiko hiru ogasunak bat datoz erabaki horretan: urtero, milioi bat eurotik gorako zorrak edo zigorrak dituzten pertsona fisiko eta juridikoen nortasuna argitara emango dute. Espainiako Gobernuak erabaki hori hartu zuen; hain zuzen ere, abenduan argitaratu zen Zerga Administrazioko Espainiako Agentziarekiko zorrak zituztenen lehenengo zerrenda.
Larrañagaren esanetan, arau hori erkidegora ekartzea erabaki da “berme juridikoa” emateko eta iruzur fiskalaren inguruan jendea kontzientziatzeko, eta era berean hura prebenitzeko ere.
EH Bildu eta Ahal Duguren iritziz, ez da nahikoa
EH Bilduko ordezkari Xabier Olanoren iritziz, Gipuzkoako Foru Gobernua “motz” geratzen ari da “iruzur fiskalaren aurkako borrokan”, izan ere, “EAJk berriro muzin egin dio gaur 100.000 eurotik goragoko zordunen zerrendak argitaratzeko eskaerari”. EH Bilduren iritziz, milioi batetik gorako zorrak dituztenen izenak kaleratzeak “eragin oso murritza” izango du prebentzioari dagokionez.
Antzeko ikuspuntua agertu du Podemos-Ahal Duguko batzarkide Imanol Gudek. Bere esanetan, Foru Aldundiaren irizpideak “eraginkortasun txikikoak dira, guztiz, helburua gardentasunaren alde egitea eta iruzurra prebenitzea baldin bada”. Alderdi horren eskaera da atalasea 50.000 eurokoa izatea.