Arrasate Literatur Lehiaketen 29. edizioa abian

Literatura zaletasuna eta euskarazko sormena sustatzea dira AEDk bultzatzen duen lehiaketen helburuak. Martxoaren 16 da lanak bidaltzeko azkeneko eguna. 

Debagoienean bizi, lan egin edo ikasten duen edonork har dezake parte. Euskarazko obra originalak eta argitaratu gabekoak izan behar dira. Gaia librea da atal guztietan, eta parte hartzaile bakoitzak gura beste lan aurkez dezake.

Hiru diziplina landuko dira aurten ere: ipuina, poesia eta bertso paperak, eta adinkako lau kategoria izango dira bakoitzean: LH5-LH6, DBH1-DBH2, DBH3-DBH4 eta Batxilergoa eta nagusiak. Idazlanak tarte bikoitzez eta orrialde bakar batetik ordenagailuz idatzita aurkeztu behar dira. 

Martxoaren 16 baino lehen

Lanak aurkezteko bi modu egongo dira; bata, posta elektronikoz: bi dokumentu bidali beharko dira aed@aedelkartea.com helbidera. Batean, idazlana joango da, lelo batez sinatuta eta egilearen izenik gabe. Bestean, berriz, egilearen datuak zehaztuko dira: leloa, izen-abizenak, jaiotze data, helbidea, e-posta, telefonoa eta ikasturte honetan zein mailatan dabilen.

Beste aukera lanak paperean inprimatuta aurkeztea da. Idazlanaren hiru kopia aurkeztu behar dira, hirurak lelo berarekin sinatuta. Horrekin batera, gutun azal itxi bat aurkeztu beharko da, barruan lehenago aipatutako datuak dituela. Paperean inprimatutako lanak AEDren elkartera eraman edo bidali behar dira. Helbidea: Pablo Uranga 4, behea. 20500 Arrasate.

Sari banaketa, maiatzean 

Finalisten zerrenda maiatzaren 4an kaleratuko dute, eta behin betiko irabazleen izenak maiatzaren 12an egingo den sari banaketa ekitaldian jakinaraziko dituzte. Epaimahaia AED elkarteak aukeratutako pertsonek osatuko dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.