Foru Aldundiak azaltzen duenez, “joera aldaketa bat egon da eta horretaz baliatu da Foru Gobernua”. Izan ere, azken urteetako aurrekontu legeetan debekatu egin ziren soldata igoerak, eta horrek eragin du Aldundiko langileen soldatak izoztea -2014ko ekitaldian izan ezik-.
Administrazioarekiko Auzietarako Donostiako 1. Epaitegiak 196/2015 epaia eman zuen, onetsiaz Estatuko Administrazio Orokorrak ipinitako errekurtsoa, aurreko foru gobernuak 2014ko maiatzaren 20an hartutako erabakiaren aurka. Erabaki hartan, langileen soldatak %0,6 igotzea onartu zuen. Epaiak, bada, baliogabetu egin du igoera, zuzenbidearekin bat ez datorrelakoan.
2014ko ordainsarien igoera legegabetu egin denez, aurten proposatutako igoera ezartzeko, Foru Aldundiko langileek 2013ko abenduaren 31n jasotzen zituzten soldatak hartu dira erreferentzia gisa. “Egoera erregularizatzea, eta balizko ilegaltasunetan berriz ez erortzea ziurtatzen da horrela”, esaten du Foru Aldundiak.
Epaiak, halaber, Aldundia derrigortzen du ordainsarien igoera onesten zuen erabakia aplikatzearen ondorioz, 2014ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31 arte bidegabe ordaindutako zenbatekoak itzultzeko prozedura hastera.
Foru Aldundiak honakoa esan du: “Atzoko Diputatuen Kontseiluan erabakitakoari jarraituz, eta erabaki zaila dela jakinda ere, Aldundiak arduraz jokatuko du, eta bete egingo du Justiziak agindutakoa. Epaiak irizpide finkorik ematen ez duenez, formula desberdinak aztertuko dira legez kanpo ordaindutako kopuruak berreskuratu ahal izateko, langile guztiei ahalik eta kalte txikiena sortuaz”.