04/08 sumarioan auziperatutakoak ez dira kartzelara joango

Maite Txintxurreta 2016ko urt. 13a, 12:35

Ino Galparsoro, Aittor Arantzabal, Mikel Zubimendi eta Mikel Garaiondo, 04/08 sumarioan inputatutako debagoiendarrak, ez dira kartzelara joango. Sumarioaren auzian akordioa lortu dute goizean auzipetuek, fiskaltzak eta AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek. Auzipetuek akusazioak onartu dituzte, eta akusazioak onartu du aitortza horregatik zigorrak murriztea.

ETAren mesedetan lanean jardutea egotzi diete Auzitegi Nazionaleko 04/08 sumarioan inputatutako hogeita hamabost euskal herritarrei.

Lortutako akordioan, auziperatuek esan dute haien jarrera “lege kodearen aurkakoa” izan zela. Gainera, “indarkeriazko jarduera ororen” aurkako konpromisoa hartu dute, “biktimen eta haiei eragindako kalteen aitorpena” eginez. Lehenengo aldia da horrelako makro epaiketa bat alde guztien akordioarekin eteten dela.

Akordioa lortuta, urte eta erdi eta bi urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete inputatu guztiei; hori dela eta, bat ere ez da espetxera joan beharko. Hasiera batean, fiskaltzak hamar urteko zigorra eskatu zuen auziperatu bakoitzarentzat.

Epaileak Galparsorori, Garaiondori eta Arantzabali urtebete eta zortzi hilabeteko zigorra ezarri die, eta Zubimendiri, berriz, bi urtekoa.


Pernando Barrenaren balorazioa

Madrilgo epaitegitik irtetean, Sortuko bozeramale Pernando Barrenak auziperatu guztien izenean hitz egin du. "Gure jardun politikoa, edozein kausaren gainetik, gatazkaren konponketara bideratuta egon da", esan du Barrenak. "Soilik bide politikoak eta demokratikoak erabiltzearen aldeko apustua" ere azpimarratu nahi izan du. Positiboki baloratu du lortutako akordioari esker inor kartzelara joan behar ez izatea, eta esan du haien nahia dela akordio horri "salbuespen politikak desaktibatzeko" erreminta izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak