Atzerapen apur batekin hasi da manifestazioa La Casillan –17:00etan zen hastekoa–, eta 19:30ean amaitu da ibilaldi osteko ekitaldia. Milaka lagunek egin dute bat Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde. Euskal presoak Euskal Herrira zioen leloarekin.
"Jendearen aurpegietan ilusioa antzematen zen. Ideologia eta ibilbide desberdinetako pertsonak ibili dira elkarren ondoan, aniztasuna nabarmentzekoa izan da", zioen Mikel Kortabarriak, Goienaren deiari erantzunez.
Hogei autobusetik gora joan dira Debagoienetik Bilbora: "Garrantzia eman behar zaio mobilizazio honi. Azken maila batean Estatuei dagokie hau konpontzea, baina halako mobilizazioekin herritarrok dugu Estatuak mugiarazteko giltza", gaineratu du.
Manifestazio amaierako ekitaldian irakurritako manifestuan, zera adierazi du Xabier Euskitzek: "Presoen sakabanaketa ezin da ulertu mendekuaren ikuspegitik ez bada, eta gobernu batek ezin du parametro horien bitartez funtzionatu. Sufrimendua areagotuta ez da ezer lortzen".
Eta herritarrei egin die dei: "Guztiz beharrezkoa da den-denon bultzada, iritzi eta kolore politikoez harago, denok egin behar dugu bat giza eskubideen defentsan. Aski da!".
"Denon artean bultza eginez mugituko ditugulako sakabanaketaren harri astunak", zioen, berriz, Zuriñe Hidalgok.
Manifestazioa hasi aurretik, Sareko kide Teresa Todak ondorengoa zioen: "Aktore politiko berriei zein zaharrei ere esan behar diegu hemen arazo larri bat dagoela, giza eskubideen arazo bat dela, eta horretara energia guztiak bideratu behar ditugu".