Espainiako Bankuaren arabera, %10,25ekoa da Common Equity Tier 1 (CET1) izeneko lehen mailako kapitalaren gutxieneko ratioa Euskal Herriko kooperatiba honentzat; halaxe jaso da arautzaileak egindako ikuskaritzako berrikuspen- eta ebaluazio-prozesuaren (SREParen) emaitzetan.
2015eko irailean, %14,04koa zen Laboral Kutxaren CET1 kaudimen-ratioa, banku- gainbegiraleak ezarritako atalasea baino 3,79 puntu handiagoa. Entitatearen estimazioen arabera, 2015a itxi orduko %15 gaindituko du ratioak. Datu horrek erakusten du, Laboral Kutxaren hitzetan, entitatearen finantzek “behar adinako sendotasuna” dutela, “etorkizunari berme osoz erantzuteko eta ohiko banku-gestioari prozesuak eta estrategiak aldatu gabe eusteko”.
Horrela, bada, Laboral Kutxaren esanetan, kreditu kooperatibak “estalita ditu banku-arautzailearen kapital-eskakizun guztiak”, eta, ondorioz, “ez du mugarik bere ohiko finantza-jardueran, ez emaitzen banaketarako ez kapitalerako interesen ordainketarako”.