40 plaza betetzeko enplegu eskaintza publikoa iragarri du Foru Aldundiak

Leire Kortabarria 2016ko urt. 7a, 16:44

25 suhiltzaile plaza eta iruzur fiskalari aurre egiteko 15 teknikari plaza betetzeko Enplegu Eskaintza Publikoa deituko du Foru Aldundiak. Imanol Lasa bozeramaileak foru gobernua, erakundea eraldatu eta modernotu asmoz burutzen ari den apustuaren baitan kokatu ditu neurri hauek. 

Herritarrei eskainiko zaizkien 40 plazatik zortzi 2015eko estatuko aurrekontuetan xedatutako erreposizio tasa gehienekoak dira. Suhiltzaileenak izango dira eta joan den 29ko Diputatuen Kontseiluan onartu ziren.

2016ko aurrekontuetan malgutu egin da erreposizio tasa, gehieneko 32 plaza, eta Foru Aldundia horretaz baliatuko da haietako 17 suhiltzaileenak eta 15 iruzur fiskalaren kontrakoak izateko, bozeramaileak esan duenaren arabera. Berehalakoan onartuko ditu Diputatuen Kontseiluak. Gainera, joan den abenduaren 29ko kontseiluan beste 13 kabo plaza hornitzea onartu zen, barne promozioz kasu honetan.

Behar "larri" bati erantzuna

Neurri honekin behar larri bati erantzuten zaio, baliabide propioekin behin betirako bete ezin zitezkeen postu huts egiturazkoak hornituko baitira. “Suhiltzaile Zerbitzu berriaren egonkortasuna eta funtzionamendua lagunduko ditu, eta hori estrategikoa da”, azpimarratu du Lasak. Gainera, epe laburrean plaza berriak sortzeko formulak aurkitzea ez duela baztertzen eta modu ofizialean baieztatu du hiru ofizial berrien izendapena, eta horietatik Arkaitz Orbegozo izango da Zerbitzuburu berria.

Iruzur fiskalari aurre egiteko hamabost plazaren eskaintza publikoak Ogasun eta Finantza Departamentuari baliabide gehiago jarriko dizkio eskura bere lehentasunetako bati dagokionez, politika publikoak abian jartzeko beharrezko diren baliabideak gutxitzen dituzten “guztion kontra doazen portaeren kontra borroka egitea”. Lasak lorpen garrantzitsutzat jo du Lan Eskaintza Publiko hau aurrera ateratzea, azkeneko LPE aipagarria 2006koa izan baitzen. Joan den legealdian, berriz, enplegu eskaintza “anekdotikoa” izan zen, bost plaza baino ez baitziren atera. Oraingo honetan, aldiz, “zortzi hilabetetan 40 eskaintzea lortu dugu, hainbat lan poltsa berritzeaz gain, eta administrazio publikoa sendotzeko eta egonkortzeko bide horretan jarraitzea da gure asmoa”.

Argibideak honako webgunean irakur daitezke: https://www.gfaegoitza.net/sede/eu/html/index.shtml

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak