Errefuxiatuentzat laguntza biltzeko taldea sortu da Bergaran: Hotz

Julen Iriondo 2016ko urt. 8a, 11:31
Hotz elkarteko kideak.

Oraingoz, abiarazi duten lehen ekintza "Europa ekialdeko errefuxiatu kanpalekuetara bidaltzeko arropa bilketa masiboa" izan da. Ekimenak beste hainbat herritan ere sortarazi du interesa.

Bergarako bospasei lagunengandik sortu zen ideia, abenduan, errefuxiatuen krisiak eragindako egoera gordinarekin kezkatuta. Hotz izeneko elkartea martxan jarri, eta taldea bikoiztu dute dagoeneko. Ez hori bakarrik, ekimenak Bergaratik kanpo ere sortarazi du interesa, eta inguruko herrietako hainbat lagunek ere erakutsi du ekimenean parte hartzeko gogoa; horrez gain, beste zenbait herritan sortutako ekimenekin ere badihardute harremanetan. 

Oraingoz, abiarazi duten lehen ekintza "Europa ekialdeko errefuxiatu kanpalekuetara bidaltzeko arropa bilketa masiboa" izan da. Hasi besterik ez dira egin, baina Hotz elkarteko kideek diote erantzun polita ari direla jasotzen herritarren partetik. 

Askotarikoak jasotzen dituzte: neguko arropa; barrukoa; txano, eskularru eta lepokoak; oinetakoak; manta eta lo zakuak; motxilak; baloi eta pilotak... Emango direnak egoera onean egon daitezen eskatzen dute. Horiek uzteko lekuak hainbat dira: Laino, Labegaraietako kiroldegiko taberna, Hamaika taberna eta Espolon School of English –Saioa Masajeak ere bai Elgetan–.

Hotz elkartetik gustura hartuko lukete arropak utzi ahal izateko puntu gehiago; horrez gain, Udalarekin harremanetan ere badira, jasotako dena gordetzeko lokal bat lortu nahian. Enpresa eta abarrekoen ekarpenak jasotzera ere irekita daude; horrekin batera, bailarako arropa ekoizleengana jotzeko asmoa ere badute, soberakinak eta akatsak dituztenak jasotzeko. Laguntza kanpalekuetara bideratzeko moduak aztertzen ere ari dira.

Harremanetarako: Facebook 

Elkarteko kideekin harremanetan jartzeko, Facebookeko orrialdea dago eskura. Elkartekoek pozik hartuko lukete laguntzeko prest dagoen jende gehiago ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak