'La Traviata' operako dekoratuak, Donostiara eramateko ia gertu

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko urt. 8a, 10:00
Alex Odriozola eta Valen Moñux Opus Liricaren 'La Traviata' operako dekoratuak egiten.

Urrian hasi ziren Valen Moñux eta Alex Odriozola bergararrak Donostiako Opus Lirica konpainiak otsailaren 19an Kursaalen estreinatuko duen La Traviata operaren dekoratuak egiten. "Lan handiena eginda dago; dekorazioa eta azkeneko detaileak falta dira. Bulegoko lanak egin ditut nik, bereziki: planoak, aurrekontuak... Tailerreko lanak, berriz, Alexek egin ditu, eta sei lagunen laguntza izan du. Bergarako Bidekurutzeta kalean Susana Izak utzi digun lokalean dugu tailerra. Aurreko domekan, Txomin Martin Opus Liricako lehendakaria izan zen han; oso konforme agertu zen egindakoarekin", azaldu du Moñux zuzendari artistikoak.

Dekoratuen estiloa eta obraren kontzeptua zeharo librea zuten; baldintza bakarra partituran eta libretoan mozketarik ez izatea zen; hori horrela, XIX. mende erdiko Parisen kokatutako kontzeptu klasizista aurkeztu zutela dio Moñuxek: "Lehenengo dekoratuarekin izan dugu lanik handiena; jauregi baten saloi handi bat da. Lorategi bat da, berriz, bigarrena; lorategiaren hormak, zuhaitzak eta landareak ikusten dira, eta atzean, Bergaran bizi den Ramon Arantzabal arrasatearrak margotutako jauregi baten fatxada ederra dago. Hirugarren dekoratua protagonistaren logela da. Aurretik egindako hainbat dekoratutan oinarritu gara gauza asko egiteko. Zailtasun handiena dekoratuen tamaina handia izan da".

Etxeko aktoreak eta abeslariak 

Zuzendaritza artistikoaren ardura ere badu Moñuxek: "Jantziak, argiak, abeslarien mugimenduak, bakarlarien interpretazio estiloa... hau da, taularen gainean ikusten den guztia. Horrek aukera eman dit Mozkorra parregarri operako bost aktore honako honetan sartzeko. Eneko Galdosek, Bergarako Musika Eskolako dantza irakasleak, ere parte hartuko du; Edu Muruamendiarazen laguntzarekin osatu dugu haren koreografia. Era berean, eskola bereko bost abeslari ere aukeratu ditugu operan kantatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak