Herri nagusietara helduko dira Errege Magoak gaur iluntzean

Eneko Azkarate 2016ko urt. 5a, 10:53

Errege Magoak eskualdeko herri gehienetara helduko dira gaur. Arrasaten, Bergaran, Oñatin, Aretxabaletan eta Eskoriatzan egingo dituzte Errege Kabalgatak.

Arrasaten, 19:00etan aterako da Zerkaostetatik. Europako Iparraldeko itxurako karroza batekin lagunduta etorriko dira Ekialdeko erregeak. 17:30ean, Iturbide egoitzara egingo dute urteroko bisita. 18:45ean, antortxadunak aterako dira Mitarte kaletik Zerkaosketara eta han emango diote hasiera 19:00etan. Hauxe izango da ibilbidea: Zerkaosteta, Iturbide Egoitza, Garibai Etorbidea, Maalako biribila, Maalako Errebala, Portaloia, Erdiko kalea eta Herriko Plaza. 140 bat lagunek hartuko dute parte eta 20:00etarako helduko dira guztiak plazara. Bertan egingo dute azken ekitaldia eta 20:30ean Debagoieneko ospitalera abiatuko dira azken bisita egin eta erregaluak banatzera.  

Bergaran, 19:00etan abiatuko da kabalgata, kultura etxetik. Aurretik, ordea, 17:00etan, Bizar Zurik jasoko ditu erregeendako gutunak udaletxean. Erregeek, berriz, Mizpirualde egoitzara egingo dute bisita 17:30ean. 18:00etan, txokolatea banatuko dute San Martin plazan, San Joxepe erretiratuen elkartekoek.

Kultura etxetik abiatuta, Masterreka, Bideberri, Ibargarai, Herri Lagunak, Irala, Irizar, Barrenkalea, San Martin plaza, Bidekurutzeta, San Pedro, Artekalea eta Arruriaga zeharkatuko dituzte, kultura etxean amaitzeko. 130 bat lagunek hartuko dute parte kabalgatan.

Elosura ere helduko dira, ordea, Errege Magoak. 18:00etan abiatuko dira Santutxutik erdigunera arte, antortxari eta tronpetariek lagunduta. Behin frontoi inguruan, gaztainerreak banatuko dituzte eta Elurmendi elkartean taberna zerbitzua eskainiko dute.  Aurretik, 17:00etan, umeendako ipuin kontaketa izango da.

Oñatin, Txanda elkarteak antolatuko du aurten. 2015ean Errege Kabalgatarik egin barik, berritasunekin dator aurten Oñatira. Meltxor, Gaspar eta Baltasarrekin batera, lau karroza eta 120 bat danbor jole eta antortxadun. 17:30ean Foruen plazatik abiatuta.

Oñatin, 25 urtez Matiñola elkarteak antolatu du kabalgata, baina 2014koa izan zen azkena. 2015ean ez zen talderik agertu kabalgata antolatzeko eta Udalak erabaki zuen kabalgata ez baina umeei harrrera bai egitea. Hala, udaletxeko osoko bilkuren aretoan egon ziren erregeak umeei harrera egiten. 2016koan kabalgata egongo da berriro. Txandak antolatuko du, dendarien elkarteak.

Aretxabaletan, 18:30ean Kiroldegitik irtenda, Hiru Errege Magoek Aretxabaletako kaleak zeharkatuko dituzte, ikastetxeetako gurasoek eta Leizarra musika eskolako kideek lagun eginda. Herriko Plazan, musika eskolako ikasleek kantuan egingo diote.

Eskoriatzan, 18:30ean, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Eskoriatzan izango dira. Urtero moduan, gozokiak banatuz, kabalgata egingo da, eta amaitzean, erregeek umeen eskutitzak jasoko dituzte herriko plazan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak