Juanjo Igarzabal eta Elena Frechilla onenak, Bergarako San Silbestrean

Xabier Urtzelai 2015ko abe. 31a, 18:31

San Silbestrea, urteko azken lasterketa, eta Debagoienean hainbat bertsio. Mendikoan, eguerdian Bergaran egin duten San Silbestre Trail lasterketan –Peugeot Etormobil Saria– Zumarragako Juanjo Igarzabal eta Sondikako Elena Frechilla nabarmendu dira. Bietako inork ez zuen lasterketa ezagutzen, baina horrek ez die eragotzi ia zazpi kilometroko ibilbidean "hegan" egiteko.

Xelebrea izango litzateke gero, astetan euri tantarik egin barik eta hain zuzen ere urteko azken lasterketak euriak baldintzatzea. Bada, atzo lau tantaka egin bazituen ere, eguerdian Bergaran egin duten San Silbestre Trail proban lasterkariek egoera ezin hobean aurkitu dute basoa. Lokatzetan ondo moldatzen diren horiek ez dute bestetako abantailarik izan, eta atleta azkarrenak nabarmendu dira. Hala, gizonezkoetan Juanjo Igarzabalek sekulako erritmoa jarri du hasieratik: "Hori zen nire asmoa, zazpi kilometroko lasterketa izanda gogor hastea oso garrantzitsua zen, eta aldapa gora hartu dut abantaila". Eta, oso erraz irabazi du proba (25.58). Hala, datorren urtean txapela defendatzera etorriko dela adierazi du, baina ez ditu eguneko lanak amaitu, Zumarragako Sansilbestrean ere parte hartu gura zuelako: "Lagun batzuen omenez egiten dugu han proba, eta bikoteaz egingo dut korrika, lasaiago".

Emakumezkoetan, ostera, lasterketaz izugarri gozatu duen Elena Frechillak irabazi du, Sondikatik etorri eta denei ezusteko ederra emanda –ez zegoelako faboritoen artean: "Ez nuen lasterketa ezagutzen, eta ez nuen espero aurrean egoterik, ez nekielako ze kontrario izango nituen, baina ederto ibili naiz".

Horiek aurrean ibili direnak, atzetik ere oso koadrila indartsua, Iñigo Alzola arrasatearra eta Ander Agirre bergararra ahalegindu dira Igarzabal estutzen, baina aldapa gora Zumarragakoak beste martxa bat zuen. Eta emakumezkoetan iazko irabazle Ainhoa Lendinezek ezin izan du txapela defendatu, baina gaurkoa moduko egun batean gutxienekoa dela adierazi du: "Bergaran senitartekoak ditut, eta egun ederra pasatzen dut bertan, lasterketan egindakoa gutxienekoa izaten da". Eta, Atxondotik etorritako Garazi Sanpedro izan da hirugarrena.

Hemen lasterketako sailkapena.

Gainontzekoek kirol apur bat eginez amaitu dute urtea, horixe zen-eta helburua. Bai eguerdian Bergaran korrikan ibili direnak, eta baita arratsaldeko hitzorduak aukeratu dituztenak ere, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Oñatin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak