Xelebrea izango litzateke gero, astetan euri tantarik egin barik eta hain zuzen ere urteko azken lasterketak euriak baldintzatzea. Bada, atzo lau tantaka egin bazituen ere, eguerdian Bergaran egin duten San Silbestre Trail proban lasterkariek egoera ezin hobean aurkitu dute basoa. Lokatzetan ondo moldatzen diren horiek ez dute bestetako abantailarik izan, eta atleta azkarrenak nabarmendu dira. Hala, gizonezkoetan Juanjo Igarzabalek sekulako erritmoa jarri du hasieratik: "Hori zen nire asmoa, zazpi kilometroko lasterketa izanda gogor hastea oso garrantzitsua zen, eta aldapa gora hartu dut abantaila". Eta, oso erraz irabazi du proba (25.58). Hala, datorren urtean txapela defendatzera etorriko dela adierazi du, baina ez ditu eguneko lanak amaitu, Zumarragako Sansilbestrean ere parte hartu gura zuelako: "Lagun batzuen omenez egiten dugu han proba, eta bikoteaz egingo dut korrika, lasaiago".
Emakumezkoetan, ostera, lasterketaz izugarri gozatu duen Elena Frechillak irabazi du, Sondikatik etorri eta denei ezusteko ederra emanda –ez zegoelako faboritoen artean: "Ez nuen lasterketa ezagutzen, eta ez nuen espero aurrean egoterik, ez nekielako ze kontrario izango nituen, baina ederto ibili naiz".
Horiek aurrean ibili direnak, atzetik ere oso koadrila indartsua, Iñigo Alzola arrasatearra eta Ander Agirre bergararra ahalegindu dira Igarzabal estutzen, baina aldapa gora Zumarragakoak beste martxa bat zuen. Eta emakumezkoetan iazko irabazle Ainhoa Lendinezek ezin izan du txapela defendatu, baina gaurkoa moduko egun batean gutxienekoa dela adierazi du: "Bergaran senitartekoak ditut, eta egun ederra pasatzen dut bertan, lasterketan egindakoa gutxienekoa izaten da". Eta, Atxondotik etorritako Garazi Sanpedro izan da hirugarrena.
Hemen lasterketako sailkapena.
Gainontzekoek kirol apur bat eginez amaitu dute urtea, horixe zen-eta helburua. Bai eguerdian Bergaran korrikan ibili direnak, eta baita arratsaldeko hitzorduak aukeratu dituztenak ere, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Oñatin.