Euskararen urrezko Bikain kalitate ziurtagiria jaso du Laboral Kutxak

Leire Kortabarria 2015ko abe. 22a, 13:18
Laboral Kutxak urrezko Bikain ziurtagiria jaso du.

Hizkuntza-gestioaren arloko aitorpen gorena jaso du Laboral Kutxak: Bikain ziurtagiria, Urrezko kategorian. Eusko Jaurlaritzak banatzen ditu ziurtagiriok, eta aurtengo ekitaldia atzo, abenduaren 21ean izan zen. Ziurtagiri hori lortzen duen lehenengo finantza entitatea da.

Laboral Kutxak honako hau esan du: “Euskararen normalizazioan indarrak batzea du xede ziurtagiriak, eta harrotasunez jaso dugu, jakin badakigulako ez dagokigula guri bakarrik, Laboral Kutxan egunero lan egiten dugunoi, zuena ere badelako, gure zerbitzuetan konfiantza duzuenona, merezi duzuen harremanetan eta behar dituzuen produktuen kalitatean zorrotzak zaretenona”.

Euskaliten eta Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren ziurtagiria da Bikain, eta erakunde pribatuek egiten duten euskararen erabileran kalitate-irizpideak ezartzea du asmo. Kalifikaziorik gorena emateko, Eusko Jaurlaritzak izendatutako epaimahaiak Laboral Kutxaren urrutiko banka-zerbitzuak (Telebanka, Online Banka, Banka Mugikorra eta kutxazain automatikoak) aztertu eta baloratu zituen: 1.000 puntuko eskalan gutxienez 700 puntu eman zizkien zerbitzu horiei. Bikain ziurtagiriak oinarrizko kategoria (beltza), ertaina (zilarra) eta goi mailakoa (urrezkoa) bereizten ditu.

Euskaraz eta gaztelaniaz komunikatzeko konpromisoa

Laboral Kutxak euskaraz eta gaztelaniaz eskaini nahi ditu bere produktu guztiak; horregatik, Interneteko baliabide guztietan bi hizkuntzak erabiltzen ditu. Bestalde, erabiltzaile bat Laboral Kutxaren kutxazain automatikoren batera joaten denean, Telebankara deitzen duenean, WhatsApp mezua idazten duenean edo Laboral Kutxarekin harremanetan jartzen denean (posta elektronikoz, web-galdetegiaren bidez, blogetan iruzkinak eginez, Facebooken mezua utzita edo txio bat bidalita), bere aukerako hizkuntza erabil dezakeela bermatzen du Laboral Kutxak. Ohiko postaz edo posta elektroniko bidez, komunikazioa zein hizkuntzatan egin nahi duen aukera dezake norberak, eta Laboral Kutxak hizkuntza horretan erantzuten dio.

Honako hau gaineratu du kreditu kooperatibak: “Laboral Kutxara jotzen duten lagunen aukeraren arabera euskaraz eta gaztelaniaz komunikatzen gara, horretarako konpromiso hartu baitugu. Gure lan-harreman guztietan (bulego eta entitate barruko harremanetan, gure hornitzaile eta lankideekin ditugunetan eta Administrazioekiko eta bestelako erakundeekiko hartu-emanetan) hizkuntza-normalizazioaren aldeko apustua eginez bakarrik lor daiteke hori”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak