Bikain ziurtagiriak banatu dituzte

Eneko Azkarate 2015ko abe. 22a, 09:29
2015eko Bikain ziurtagiriarekin sarituak atzo Gasteizen.

Aurten, 65 enpresa eta entitatek eskuratu dute Bikain ziurtagiria, aurreko urteetako batez bestekoaren bikoitza baino gehiago.

Iñigo Urkullu lehendakariak Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu ditu gaur Gasteizko Europa Jauregian. Orotara, 65 erakundek jaso dute ziurtagiria: horietatik 41ek goi-mailako urrezko Bikain egiaztatu dute; 20k tartekoa den zilarrezko ziurtagiria eta 4k oinarrizkoa. Kanpo-ebaluazio horiek Bikain Ebaluatzaileen Klubeko 158 kidek  burutu dituzte. Ekitaldian, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, eta Confebaskeko presidente Roberto Larrañagak ere parte hartu dute.

250 pertsonatik gora elkartu dira gaur Gasteizko Europa Jauregian arratsaldeko 19:00tan hasita egin den BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren banaketa ekitaldiaren 8. edizioan. Gasteizera bertaratu dira, besteak beste, BIKAIN Ziurtagiria eskuratu duten erakundeetako ordezkariak, Ebaluatzaile Klubeko kideak, enpresaburu zein kooperatiba elkarteen goi-ordezkariak, eta baita administrazioetako ordezkariak ere.

Jauzi kuantitatiboa 2015ean

2015eko Bikain Ziurtagiriek jauzi kuantitatibo handia dakarte ziurtagiri hauen zortzi urteko historiarako. Datuei erreparatu besterik ez horretaz jabetzeko: 65 enpresa eta entitate ebaluatu dira aurten, eta 65 horiek jaso dute ziurtagiria. Inoizko kopururik altuena, eta are esanguratsuagoa kontuan izanik aurreko zazpi urteetan batez beste 28 enpresa izan direla urteko ziurtagiria eskuratu dutenak. Bikoitza baino gehiago, beraz, aurten. 158 ebaluatzaile ibili dira ebaluatzaile lanak egiten aurten, iaz baino 20 gehiago. Dagoeneko 550 lagun dira Bikain Ziurtagirien Ebaluatzaile kluba osatzen dutenak. Guztiek ere musu-truke egiten dute lan.

Zortzi urte hauetako ibilbidean, 261 dira Bikain Ziurtagiria eskuratu duten enpresa eta erakundeak. Horietan lanean ari diren langileak berriz, 28.400 inguru.

Lehendakariak adierazi du euskara aurrera egiten ari dela enpresaren munduaren lankidetzari eta konpromisoari esker, eta, alde horretatik, urratsak ematen jarraitzeko apustua egin du, hizkuntza-kudeaketaren ebaluazioa ahalik eta gehien zabal dadin. "Gure helburua da euskararen erabilerari aplikatutako kalitate-parametroek toki naturala topatzea gure enpresen eta erakundeen kudeaketan, ekoizpenean eta komunikazioan", nabarmendu du Urkulluk.  

Bikain berritua

Berritzailea izan zen Bikain bere sorreran bertan ere, euskara enpresetako kalitate prozesuekin eta kudeaketarekin lotzea ekarri baitzuen. Aurrerantzean ere berritzaile izaten jarraituko du, Bikain berria eta berritua, enpresetara ez ezik administrazio eta erakunde publikoetara ere zabalduko baita. Horretarako, bi mundu ezberdin sistema bakarrera ekarriko dira. Ebaluazio prozesu bera izango da esparru batean zein bestean. Ponderazioa zorrotzagoa izango da administrazioentzat, legeria bera kontuan harturik. Bestalde, Bikain berrituak, ebaluazio sistema arinagoa izango du.   

Bikain Kanpo-Ebaluazioak Eusko Jaurlaritzak antolatzen ditu Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioarekin lankidetzan, eta erakunde batean euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa neurtzera daude zuzenduak. Hori horrela, aurten parte hartu duten erakundeek dagoeneko jaso dute ebaluazio-txosten bana beren indar-.gune nahiz zer hobetuen berri zehatza ematen diena, lortutako puntuazio eta horren araberako ziurtagiriarekin batera; hori guztia, lan-ibilbide desberdinetako ebaluatzaile talde batek egina, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren zuzendaritzapean.

Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria ofiziala, publikoa eta doakoa da, eta hiru maila hartzen ditu bere baitan: oinarrizkoa (200 puntu gutxienez); tarteko maila edo zilarrezkoa (400 puntu gutxienez) eta goi maila edo urrezkoa  (700 puntu gutxienez).

Gaurko ekitaldian ziurtagiria jaso dutenen artean, ohi bezala, orotariko enpresa eta erakundeak egon dira: industria nahiz zerbitzuetakoak, garraioetakoak, hezkuntzakoak, administraziokoak… Horiek guztiek egiaztatu dute euskara txertatua dutela euren eguneroko jardueran, euren kudeaketan.

Kanpo-ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da BIKAIN. Ebaluazio horretan EMEk (Erreferentzia Marko Estandarrak) zehaztutako alorretan euskararen presentzia, erabilera eta, oro har, kudeaketa neurtzen da. Ebaluatzen diren alorrak hauek dira:

  • Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa
  • Kanpo harremanak
  • Barne harremanak
  • Hizkuntza kudeaketa

Kanpo-ebaluazio horiek Bikain Ebaluatzaileen Klubeko kideek egiten dituzte era altruistan. Ebaluatzaile horiek lan-sektore askotarikoak dira, baita eskala diferentetakoak ere, zuzendaritza-mailakoetatik hasi eta tartekoetatik jarraituta, maila ohikoagoetaraino.

Bikain Ziurtagiriaren zuzendaritza organoetan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea batzordeburu dela, EAEko enpresarien elkarteak (Confebask, Sea, Cebek eta Adegi), Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, hiru foru aldundiak, Euskalit, Euskaltzaindia eta Eudel biltzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak