Hala ere, urte bukaerako hazkundea txikiagoa izatea espero da, 2015eko azken zati honetan kupoaren desadostasunengatik egindako atxikipenak eta lurraldeen arteko ajusteak zuzenduko baitira.
Sozietateen gaineko zerga, lan eta ondare irabazien erretentzioak, eta BEZ eta PFEZ kontzeptuetan izandako hazkundeek azaltzen dute epe honetako bilakaera positiboa. Azken bi zerga hauetan, aipatzekoa da ere itzulketak murriztu egin direla. Alderdi negatiboan, aldiz, BEZaren Estatuarekiko doikuntzak edo ajusteak gutxitu direla, kapital higikorraren etekinen atxikipenen beherakada eta Sozietateen gaineko zergaren itzulketak handitu direla nabarmendu du Foru Ogasunak.
Errentarekiko zergatik, %5,9 gehiago
Bilketa hazkundea zergaka banakatuz gero, PFEZi dagokion zerga-bilketa garbia %5,9 handitu da (77,1 milioi euro gehiago). Puntu honetan, nabarmentzekoa da lan etekinen atxikipenak %2,6 igo direla, hau da, 33,3 milioi gehiago. Sozietateen gaineko zergaren kuota diferentzial garbia, bere aldetik, 21,9 milioitan hazi da azaroa arte, 2014ko epe berdinarekin alderatuz gero.
Zeharkako zergen arloan, Aldundiak kudeatzen duen BEZren atalean %14,5 hazi dira sarrerak, 139,8 milioi euro gehiago. Zerga berezien arloan, bere aldetik, hazkundea %3 da, 12 milioi euro gehiago. Azkenik, Estatuarekin egiten diren doikuntzen bilketa metatua 23,5 milioi jaitsi da BEZri dagokionean, eta 12,3 milioiko hazkundea izan du Zerga berezien atalean. Guztia, beti ere, 2014ko aldi berdinarekin alderatuta.