"Sekulako esperientzia izan da. Bi urteko zikloak betetzen ditugu selekzioan, eta iaz Amurrion egin zuten txapelketan kolpe gogorra jaso genuen Gipuzkoako selekzioa ordezkatzen ibili ginenok, emaitzetatik haratago ez ginelako batere gustura geratu egindako lanaz. Aurtengoa, baina, erabat ezberdina izan da, maila oso oneko jokalariak izan ditugu gure aginduetara, eta lan ona egin dute", adierazi dio Jokin Etxebarria arrasatearrak Goienari. "Arabako selekzioaren kontra bagenekien sufritu egingo genuela, baina burua hotz mantenduta partidua irabazi genuen, eta bizkaitarren kontra errazago nagusitu ginen".
Gipuzkoako hautatzailea Atletico San Sebastian taldeko entrenatzaile Luis Comendador izan da, eta ondoan izan ditu bigarren entrenatzaile moduan Jokin Etxebarria arrasatearra (Iraurgi), eta Aitor Ugarte oñatiarra (Aloña Mendi). Kantxan, berriz, Joseba Zilaurren aramaioarrak eta Aritz Oiartzabal bergararrak osatu dute Gipuzkoako selekzio indartsua: "Talde ona izan dugu, etorkizunean bizpahiru jokalari goian ikusiko ditugu. Ez dakit ACBra iritsiko diren, baina, profesional moduan jarduteko gaitasuna izango dutela uste dut", gaineratu du Etxebarriak.