Bietako bat aukeratu behar

Xabier Urtzelai 2015ko abe. 11a, 10:01

Handia da gero, ohiko kirol taldeen partiduetatik harago urtean Arrasaten ez dira kirol ikuskizun mordoa egoten eta domekan bi hitzordu erakargarriren artean aukeratu beharko dute herritarrek: Santamas Krosa (12:30), eta Arrasateko ziklo-krosa (eliteak, 13:00etan). Hori gutxi balitz, Bergaran ere ordu berean egingo dute Gorlako Mushing Txapelketa (Ikus 27. orria), baina aurreko bi kasuak deigarriagoak dira, biak herri berean izango dira-eta.   

Antolatzaileak jarri dira elkarrekin harremanetan, gertatu behar dena saihesten ahalegintzeko, baina batzuek Euskadiko federazioak ezarritako egutegi itxia dutelako, eta besteek egun aproposagorik aurkitu ez dutelako, bere horretan utzi dituzte lasterketak. Pena da, izan ere, antolatzaileak eurak dira kaltetu handienak, musu-truk eta ilusio handiz egiten den lana dagoelako atzean. Eurak eta herritarrak, noski, bi kirol hitzordu horiekin gozatu beharrean bakarra aukeratu beharko dutelako. 

Ziklo-krosa, Markuleten, 10:00etan hasita 

"Aspaldiko proba berreskuratu gura izan dugu, eta lan handia eman badigu ere lasterketa gertatzeak, pozik gaude lortutakoarekin eta gogotsu domekako probara begira", adierazi zuen Iñigo Azkaratek, Dorletako Amako lehendakariak, aurkezpenean.

Markulete eta Ikutixo baserri inguruetan jokatuko dute ziklo-krosa, eta bi zati izango ditu zirkuituak: "Arrasate aldera dauden zelaiak bizkorrak izango dira eta Ikutixo aldera daudenak gogorragoak", jakinarazi zuen Zigor Urainek, eta gaineratu zuen lokatzik ez bada sortzen oztopo batzuk jarriko dituztela zirkuitua motelagoa izan dadin. Arrasatekoa, euskal zirkuituko hamabosgarren lasterketa izango da. 

Dorletako Amako bost ziklista

Debagoienetik ziklista koadrila polita etorriko da lasterketara, besteak beste, Oñatiko Arrikrutz Kobako ordezkariak. Baina, antolaketa lanetan jardunda, Dorletako Amak ere izango du lasterketan ordezkaritzarik, bost txirrindulari izango dira-eta irteera puntuan: Iñigo Aranburu, Andoni Azkarate, Asier Azkarate, Liher Unzueta (zalantzan) eta Zigor Urain dira ziklista horiek. "Bestalde, Iker Ezkibel eskoriatzarra gurean hazitakoa da eta orain gurekin egon ez arren lasterketan parte hartzera etorriko dela esan digu. Eta, 23 urtez azpikoetan jardungo du". Antolatzaileek aurreikusten dute 150 ziklista inguru batuko direla etzi egingo duten hitzorduan: "Elite mailako hiru onenak ez dira egongo [Aitor Hernandez, Ismael Esteban eta Javier Ruiz de Larrinaga], Valentzian Espainiako Kopa egongo delako jokoan, baina maila oso oneko ziklistak egongo dira".  

Santamas Krosak, 38 urte

Koadrilen Arteko Santamas Krosak –Enrike Kabiketa memoriala– 38 urte beteko ditu domekan (12:30), ibilbide berriaz: "Oraingoak 5,9 kilometro ditu, baina lehen baino itzuli bat gutxiago egingo dute korrikalariek". Antolatzaileen esanetan lehengoa astun samar geratzen zen korrikalariendako, eta oraingoan zailagoa izango da lasai doazenei itzuli bat jatea: "Batzuk irabazteko asmoz irtengo dira, baina beste askorendako atletismo jai bat baino ez da. Eta, lasai doazenendako ez da gozoa ikustea azkarrago doazenek behin eta berriz zelan aurreratzen dituzten", azaldu du Jose Ramos Petreñas antolatzaileak: "Hori horrela, uste dugu zirkuitu berriarekin lasterketa erakargarriagoa izango dela".  

Iazko errekorra ontzera 

Iaz, parte-hartzeari dagokionez espero ez zuten gorakada izan zuten –270 lagun izan ziren irteera puntuan– eta domekarako zenbateko hori errepikatzea gura dute: "Iazkoak sorpresaz harrapatu gintuen, baina aurten ere gurako genuke jende kopuru berbera etorriko balitz, edo gehiago, asko dira-eta korrika dabiltzan herritarrak. Gainera, ahalegina egin dugu korrikalari denendako sariak lortzen". Urtero moduan, kuadrilla bakoitzeko lehenengo bost atleten denborak hartuko dira kontutan. 

Nagusien krosaren aurretik, 11:00etatik 12:00etara gaztetxoendako lasterketak izango dira plazan bertan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak