Euskararen Egunean gaztelaniaz

Eneko Azkarate 2015ko abe. 3a, 05:00

Goiena papereko azala.

Tokikom sareko hainbat hedabidek —horien artean Goiena papera-k— zenbaki berezia kaleratu dute, gaztelaniaz, euskara ulertzen ez dutenei ere euskal komunitatearen berri emateko. Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta argitaratu dute, asteko argitaratze eguna aurreratuz. 

Jeneralean, euskara hutsez argitaratzen diren zazpi toki komunikabidek, horien artean, Goiena papera, oso zenbaki berezia kaleratu dute gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko: Beterri-Buruntzaldeko Aiurri, Araban banatzen den Arabako Alea, Elgoibarko Barren, Debagoieneko GOIENA, Uribe-Kostako Hiruka, Urumeako Kronika eta Lasarte-Oriako Txintxarri aldizkariek salbuespena egin dute gaur, eta gaztelaniazko zenbaki berezia argitaratu dute, euskara ulertzen ez dutenei euskal komunitatearen berri emateko.

Gehigarri komuna

Toki komunikabide horiek gehigarri komun bat argitaratu dute, gaztelaniaz hau ere, euskara eta euskal komunitatearen inguruko informazioa zabaltzeko. Euskaltzaleen Topaguneak eta Tokimomek elkarlanean sortu duten gehigarri horretan, besteak beste, euskararen inguruko datuak eskaintzen dira, eta atzo, eguaztena, Anton Abbadia saria jaso duen Kike Amonarrizi egindako elkarrizketa mamitsua. Horrez gain, Iñigo Urkullu Lehendakariak ere inoiz euskararen inguruan emandako elkarrizketarik luzeena ere argitaratu dute toki komunikabideek.

"Euskara ez da soilik euskaldunon ondarea"

Toki komunikabideak batzen dituen Tokimomeko presidenteak, Urko Aristik, azaldu duenez, "argi utzi nahi izan dugu, batetik, euskara ez dela soilik euskaldunon ondarea. Euskal komunitatea zabalik dago hurbildu nahi duten guztientzat, haien hizkuntza edozein dela ere. Gainera, inguruan bizi dugun hizkuntz aniztasuna ere islatu nahi izan dugu. Gero eta kultura eta hizkuntza gehiago ditugu inguruan, eta euskara horien elkarbizitzarako gakoa izan daitekeela uste dugu".

"Inoiz baino beharrezkoago"

Bestetik, Goiena Komunikazio Taldeko lehendakari Aitor Izagirrek dio gaur argitaratu den GOIENA papera berezian, euskarazko tokiko hedabideak beharrezkoak direla, "gaur egun inoiz baino beharrezkoago", eta Goiena bezalako kalitatezko eta euskarazko proiektuei "eutsi egin" behar zaiela.

Komunikabideetako ordezkariek azaldu dutenez, gaurko zenbaki berezi honek "euskaraz ez dakitenekiko" keinua ere izan nahi du: argi azaldu nahi izan diete "zer, nola eta zergatik" egiten duten alde batetik; eta, bide batez, gogorarazi, "toki komunikabideetan guztiek dutela lekua, euskaraz jakin zein ez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak