EH Bilduk gaur goizean aurkeztu ditu Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako Gipuzkoako zerrendak Donostian. Hiru dira zerrendatan agertzen diren debagoiendarrak. Ander Rodriguez arrasatearra laugarrena da Kongresurako zerrendan; eta Amaia Larrañaga, hau ere arrasatearra, zerrenda bereko lehenengo ordezkoa. Senaturako zerrendan bestalde, Maialen Urzelai oñatiarra dago ordezkoen artean.
''Madrilek inposatzen digun ereduak ez digu balio"
Gaurko aurkezpenean Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu Marian Beitialarrangoitiak adierazi du herri bezala asko dagoela jokoan abenduaren 20a, eta euskal herritarren ahalduntze prozesuan jauzia emateko aukera ezin hobea dela. Gaineratu du Madrildik datorren ereduak ez duela balio Euskal Herriarentzat: "Beste alderdiak gaur egungo egoerari eustea bilatzen ari dira. Beste lau urtez Madrilera begira egotea, ea zer ematen diguten; ezer onik espero ez denean. EH Bilduk, berriz, aldaketa proposatzen du. Madrilek inposatzen digun ereduak ez digu balio ez alde politikotik ezta alde sozialetik ere".
Esan du, era berean, inori baimena eskatu gabe Euskal Herriak bere bidea egitea dela EH Bilduren proposamena. Bake prozesuarekin lotuta, azaldu du konponbidea ez dela Madrildik etorriko eta Euskal Herrian aliantza berriak erdiestea dela aurrera egiteko bidea.