Ezkontza zibilak dira gehienak, eta gero eta ugariagoak dira, gainera. Udaberrian, ezkontzen %83 izan ziren halakoak, iazko aldi berean baino 6 puntu gehiago. 2015eko lehen hiruhilekoan, ezkontza guztien %92 izan ziren zibilak.
2.106 ezkontza horietatik, bizilekua EAEn duten 2.034 gizon eta 2.051 emakume ezkondu ziren. 1.793 gizonendako, lehen ezkontza zen; 11 alargun eta 230 dibortziatu ere ezkondu ziren. Emakumeen lehen ezkontza izan zen 1.807 emaztegairendako; lau alargun eta 240 dibortziatu ere ezkondu ziren.
Gero eta nagusiagoak
Ezkontza zibiletarako joeraz gain, beste bat ere nabarmentzen da: gero eta nagusiago ezkontzen da jendea. Hala, senarren %90ek eta emazteen %89,9k 30 urtetik gora zuten. 2014ko aldi berean baino gehiago (%88,7 eta %76,4, hurrenez hurren).
Aurtengo apiril, maiatz eta ekaineko gizon ezkonberrien %5,8 eta emakumeen %8,6 atzerritarrak ziren; iazko epe berean baino 0,2 gehiago gizonen kasuan eta 0,4 emakumeen kasuan.
Sexu bereko bikoteen 41 ezkontza izan zen; iaz, 32.