"Nabarmen" hoztuko duela dio, "haize zakarra" ibiliko dela eta "euria erruz" egingo duela. Eta dagoeneko hasi da aurreikuspena betetzen, bai behintzat ikusita goizean botatzen diharduen zaparradak eta egiten dabilen haize bortitza.
Izan ere, euskal meteorologia agentziak dio "egunean zehar zaparrada giroa nagusituko" dela, tarteka "mardul" botako duela, eta ipar partean "ekaitzak jo" dezakeela. Iragarri du, gainera, frontearen atzetik "aire masa hotza" sartuko dela, eta horrek tenperaturaren jaitsiera ekarriko duela.
Momentuz, baina, eutsi egiten dio "goxotasunari", tenperaturari begiratzen badiogu, izan ere, 9 gradutan dabiltza termometroak lehen orduaz geroztik. Kontua da, baina, goizaldean neurtu direla eguneko beroenak eta ia egun guztian 5-10 ºC artean ibiliko direla termometroak.
Elur-kota behera
Bestalde, ipar-mendebaldeko haizea tarteka oso zakar ibiliko da. Panorama honekin, mendietan elur moduan prezipitatuko du; elur-maila 1000 metro inguruan kokatuko da eguerdi partean, eta iluntzerako 700-900 metrora jaitsiko da.