Neguko hotzari hortzak luze, lau lasterketa urtea amaitu aurretik

Xabier Urtzelai 2015ko aza. 20a, 14:40
Iazko BergaraTrail lasterketako azken jaitsieran.

Udazkenean bakarrik ez, neguan sartuta ere bailaran dortsala janzteko lau lasterketa izango dira. Eta, abenduaren 13an izango da lehenengoa, iaz gorakada galanta izan zuen Koadrilen Arteko Santamas krosaren 38. edizioaz. Eta, urteko azken egunean etorriko dira San Silbestreak.

Pentsa zelan hazi den Arrasateko Santamas krosa, duela bospasei urte 90 lagun inguru batzen zirela irteera puntuan, eta iaz, esaterako, 270 lagunek eman zuten izena –2013an baino 100 lagun gehiagok.   

Hala ere, Arrasate Atletiko taldeko antolatzaileek aldaketa batzuk egin gura dituzte, Fernando Zufiriaren esanetan: "Lehengo zirkuitua korrikalariei aspergarria egiten zitzaielako, eta luzea". Hala, zirkuituan aldaketa batzuk egiteaz batera lau itzuli beharrean atletek hiru itzuli emango dituzte, ia sei kilometroko lasterketa osatu arte (5.900m). Krosa 12:30ean hasiko dute, izena egunean bertan eman ahal izango da, eta goizean gaztetxoendako probak antolatuko dituzte.  

Bergarakoa, baieztatuta 

Iazko arrakasta ikusita, abenduaren 31n egingo dute Bergarako San Silbestre Trail, Peugeot Etormobil Sariaren bigarren edizioa: "Iaz ez genuen horrenbeste jende espero, 200 lagunendako dortsalak jarri genituen, eta segituan amaitu ziren denak. Hala, azkenean beste 50 lagunendako tokia egin genuen, 250 lagun batu ziren irteera puntuan, eta jendea kanpoan geratu zen", adierazi du Xabi Lijok: "Baina, lehenengo urtea izanda kontuz ibili gura genuen, eta ez genuen jende larregi hartu gura, antolatzaileok ez genekielako zelan erantzungo genuen".

Aurten, ostera, 300 dortsal aterako dituzte Bergarako mendi lasterketarako, eta gaur bertan (hilak 20) zabalduko dute izenemate epea [www.herrikrosa.eus]. Hori bai, antolatzaileek oraindik ez dute ziurtatu ibilbidea iazko berbera izango den: "Erabakitzeke daukagun kontu bat da, iazkoaz batera baditugulako beste pare bat alternatiba eder".    

Eskoriatzako eta Oñatiko silbestradako irudiak, eta Santamas krosetakoa: Argazkiak: I.Uribe-etxeberria, Aritz Gordo, Goiena.

Eskoriatzan eta Oñatin 

Running-trail edo mendi lasterketak alde batera utzita, urteko azken egunean San Silbestre klasikoak ere izango dira, Eskoriatzan eta Oñatin. Oñatikoak parte galanta izaten du urtero, Asier Osinagak gogoratu duen moduan: "Azken urteotan kopuru nahiko antzerakoa izan dugu, 350 lagun inguru. Esango nuke egun horretan Oñati erdiak egiten duela korrika [Barre]". 

Eta hain zuzen, hori da San Silbestre baten helburua: "Urteren baten 400 lagun ere egon izan dira irteera puntuan, Legazpi eta Zumarragatik ere etortzen delako jendea. Eta egia da, azken urteotan Eskoriatzako lasterketak ere indarra hartu duela, eta Arrasate eta Aretxabaleta inguruko batzuek Eskoriatzarako joera hartu dutela", adierazi du.   

Eta zuzen dabil Osinaga, Eskoriatzako Silbestradiek geroago eta indar handiagoa hartu duelako. Hala, antolatzaileek proba hura ere herrikoia izan dadin egiten dute lan, eta lasterketa ia osoa elkarrekin egiten dute guztiek, neutralizatuta egongo balitz moduan. Eta ondoren, zirkuituko azken itzulian bakoitzak bere erritmoari heltzen dio; hala, aurrealdean egur polita egoten da. Bada, hor daude lau hitzordu, abenduko hotzari aurre egiteko, kirola eginez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak