Etxean oso indartsu dagoen Mondrak Bergara hartuko du domekan

Xabier Urtzelai 2015ko aza. 20a, 10:59

Mondraren eta Bergararen arteko derbia izango da domekan, ezohiko ordutegian, gainera (Domeka, 17:00, Mojategi). Zuri-moreek etxeko bolada onaz jarraitu gura dute, baina aurrekoen trena galdu gura ez duen Bergara izango dute aurrean.

xabier urzelai  |  arrasate

Erregional preferenteko hamargarren jardunaldiak Mondraren (19 puntu) eta Bergararen (14) arteko derbia ekarriko du, ezohiko ordutegian, gainera (Domeka, 17:00, Mojategi). Zuri-moreek etxeko bolada onaz jarraitu gura dute –lau garaipen– eta joan den astean Ikasberriren kontra izandako porrota zuzendu (0-1). Hala, Amaikak Bat (24) taldeak izandako liga hasiera ikusgarriaren ondotik, zuri-moreek ez dute Debakoen itzala galdu gura. 

Bergara ere ez dabil txarto, nahiz eta azken bi partiduetan izandako porrotak tarteko, aurrealdeko postuak aldendu egin diren apur bat. Mahoneroek, baina, etxetik kanpora behera egin izan dute, orain arte bi puntu baino ez dituzte batu Agorrosinetik urrun, eta joaera hori aldatzeko asmoz joango dira domekan Mojategira. 

Amaitzeko, Aretxabaletako bigarren taldeak ere etxean jokatuko du, atzealdean dabilen Urkomendiren kontra (domeka, 16:30), eta Antzuolak Usurbilera egingo du bidaia, ligako bigarren garaipenaren bila (zapatua, 15:30, Harane).

UDAk Betoñoren kontra 

Hirugarren mailan, atzealdeko postuetatik ihes egiteko borrokan dabiltzan Betoño eta Aretxabaleta izango dira zein baino zein gehiago (Domeka, 16:30, Gasteiz). 

Hori bai, gasteiztarrek Valleren mutilek baino puntu kopuru bikoitza batu dute: 18. Joan den astean Ibarran Valleren mutilek Basconiaren kontra merezi ez zuten porrota jaso zuten, eta zaleek haserre amaitu zuten epaileak egindako lanaz. Bada, kategoriara iritsi berri den talde txiki batek horrelakoei ere aurre egin beharko die

Aloñakoak Hondarribira

Eta ohorezko erregionalean, Aloña Mendik bosgarren postuan dagoen Hondarribiaren kontra jokatuko du zapatuan (15:30). Igor Serrano entrenatzaileak joan den domekako partidua amaitu berritan adierazi zuen partidu horretarako erabat aldatu beharko duela jokatzeko modua. Kostaldekoek partidu bakarra galdu dute etxean, baina oñatiarrak ez dira horren txarto moldatzen kanpoan, 7 puntu batu dituzte-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak