Italiako ur-berogailuen enpresa baten %40 erosi du Orklik

Leire Kortabarria 2015ko aza. 17a, 13:58

Orklik, Mondragon Taldeko enpresa eta zuntz zeramikoko erregailu fabrikazioan espezializatuta dagoenak, Lucrezia di Cartoceto-n (Italian) kokatuta dagoen Valmex enpresaren %40 erosi du. Enpresa horrek ur-trukagailuak egiten ditu.

Mondragon Korporazioaren esanetan, “Orklik, operazio honekin, bere posizioa finkatzen du eta maila globalean ur beroketa sektoreko enpresa erreferente bihurtzen da. Horrela, mundu mailara produktu-gama integrala eskainiz”.

Bi enpresen artean dagoen sinergia ugariek lagunduko diete produktuen irtenbide berrien eta berritzaileen garapenean. Aldi berean, bezero eta merkatu berrietako bidea erraztuko die.

Valmexen kapitalean Orkliren sarrerak Valmexek lantzen dituen proiektuen bideragarritasuna indartuko du eta jada martxan daudenen jarraitutasuna ziurtatuko du. Halaber, bi enpresen “know-how”a indartuko du tamaina eta garrantzia handiagoko proiektuei heltzea ahalbideratzeko.

Patxi Lopez Urkiola, Orkli-ko zuzendari nagusiaren arabera: “Eskuratze honekin behin betiko kokatzen gara hornitzaile integral bezala, nazioarteko ikuspegiarekin eta gure bezeroen behar guztiei erantzuteko ahalmenarekin. Operazio eraldatzailea eta ilusioz betetakoa da Orklirentzat. Izan ere, sektoreko aktore garrantzitsuenen artean jarriko gaitu eta konpainia bezala hazten eta Orkliren izaera berritzailea indartzen lagunduko digu”.

Lorenzo Cantarini, Valmexeko zuzendari nagusiaren arabera: “Valmex Taldearen  akziodunetan Orkliren sarrerak hazkunde mugagabearen aukera irekitzen digu. Aldi berean, planifikatuta ditugun proiektu industrialen garapen handiagoa eta hobea ahalbideratzen du. Berrikuntzarekin dugun apustua berretsi egiten da akordio honekin”.

900 langile baino gehiago

1982an sortua, Ordizian dagoen Orkli kooperatibak 900 pertsonatik gorako langileria dauka eta urteko 150 milioi euro gainditzen dituen fakturazioa. Bere jarduera nagusia hiru negozio unitatetan banatzen da: Segurtasun Termoelektrikoa, Berokuntza eta Ur Beroketa. Mondragon Korporazioko kide da.

Valmex Taldea 1969. urtean sortua da eta 230 pertsonatik gorako langileria dauka eta urteko 50 milioi euroko fakturazioa. Bere jarduera bero- eta hotz-trukagailuetan eta hotzeko estanpazioan oinarritzen da. Valmex Taldea mundu mailako etxe-gas galdaretarako ur-trukagailu fabrikatzaile garrantzitsuena da. Aldi berean, hozteko eta klimatizazioko industriarako fluxu paraleloko kondentsadoreetan merkatuko presentzia nabarmena du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak