Erabakia Bizkaia eta Arabako Ogasunekin koordinatuta hartu da.
Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza foru diputatuak zuzentzen duen departamentuak iruzur fiskalaren aurkako mekanismoak indartzeko estrategiaren barruan txertatzen da ekimena. Horrela, helburua gizartean gaitzespen handia sortzen duten jarrerak publiko egitea da, eta zerga-betebeharrak borondatez betetzearen aldeko pedagogia egiteko, Ogasunak bere esku dituen ekimen eta baliabide prebentibo anitzen baitan kokatzen da.
Zerrenda 2016ko bigarren seihilabeteko naturalean argitaratuko da lehen aldiz, eta erreferentzia data martxoaren 31 izango da. Hau da, listatuak egun horretan Ogasunari milioi bat euro baino gehiago zor diotenen identifikazioak jasoko ditu, borondatezko epean egindako eta atzeratutako, zatikatutako eta bertan behera utzitako ordainketak salbu. 2017tik aurrera, erreferentzia eguna publikazio akordioaren aurreko urteko abenduaren 31 izango da, eta argazkia urtero berrituko da. Egun horretatik aurrera hasi eta egindako ekintzek ez dute eraginik izango zerrendaren argitalpenean.
Listatuan sartzeko proposamena zordunari jakinaraziko zaio, eta honek 10 egun izango ditu alegazioak aurkezteko. Epe honen ostean, informazioa publiko egiteko akordioa emango da. Datuen argitalpena euskarri elektronikoetan egingo da eta hiru hilabetez egongo da ikusgai. Gainera, beharrezko neurriak hartuko dira Interneteko bilatzaileak informazio honetara hel ez daitezen.