Gipuzkoako Foru Ogasun eta Finantza departamentuak jakinarazi du 85 bat erdi mailako teknikari hartuko dituela datorren urtean errenta kanpainan lan egiteko. Lan poltsa sortuko du eta, horretarako, hautapen probetarako deialdi irekia egin du. Aukeratutako langileek 2015eko Errenta Kanpainaren exekuzioan lan egingo dute, eginbehar teknikoetan, jendaurreko arretan, edota zalantzak argitzen, laguntza gehigarri gisa. Langileek apiriletik uztailera arte jardungo dute.
Neurri honekin, aurre egin zaio Ogasun eta Finantza departamentuan, zerga aitorpenen tramitazioa dela-eta, sortzen den personal beharrari, modu horretan zerbitzu “modernoa, efizientea eta kalitatezkoa” bermatuz, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azpimarratutakoaren arabera.
Ez da azken lan poltsa izango
Lasak esan duenez, legealdi honetan aktibatzen den lan lehen poltsa da, baina aurreratu du ez dela azkenekoa izango.
Poltsan sartzeko, azterketa gainditu beharko da, eta aurreko kanpainetan izandako eskarmentua ere kontuan hartuko da puntuazioetan. Era berean, poltsa berrian sartu ahal izango dira azterketa egin beharrik gabe, 2013an eta aurreko urteetan egindako deialdietan onartuta daudenak ere.
Eskabideak egiteko epea hilaren 26an amaituko da. Oinarri guztiak GAOn daude argitaratuta.