Debegesak Antonio Cancelo sarituko du eguenean, bere "lan ibilbide zabal eta bikaina" aintzat hartuta

Leire Kortabarria 2015ko aza. 11a, 16:38
Antonio Cancelo.

Antonio Cancelok, Eroskiren sortzaile eta Mondragon Taldeko presidente ohiak, Gure Balioak saria jasoko du bihar, eguena, Eibarko Coliseo Antzokian, 18:30ean hasiko den ekitaldian. Debegesa Garapen Agentziak antolatu du ekitaldia Eibarko Udalaren laguntzarekin.

Sari banaketa ekitaldian izango dira, besteak beste, Eibarko alkatea, Miguel de los Toyos; Debegesako zuzendaria, Juan Angel Balbas; Eroskiko Kontseilu Errektoreko presidentea, Leire Mugertza; eta sariduna bera, Antonio Cancelo.

Antonio Cancelok iaz errekonozimendu hauxe bera jaso zuen Sabin Osororen eskutik jasoko du saria, Juan Luis Baroja Collet Debabarreneko artistaren eskultura.

Sari banaketa ekitaldia herritar guztiei irekia egongo da. Garbiñe Biurrun epaileak emango dio hasiera ekitaldiari, balioen inguruko hitzaldi batekin, eta Eibarko Koro Gaztea abesbatzak girotuko du ekitaldia.

Gizarte balioen sustapena saritu

Antonio Cancelo Gure Balioak Saria jasoko duen seigarren pertsona izango da 2010. urtean Debegesa garapen agentziaren ekimenez eratu zenetik. Sariak Debabarrenean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona aitortzea du helburu.

Epaimahaiak enpresa, hezkuntza, kultura eta arlo sozialean diharduten Debabarren eskualdeko 9 lagunek osatua, Canceloren “lan ibilbide zabal eta bikaina” nabarmendu du, “sustrai sakonak dituzten balioen erakusgarri, horien artean bere gaitasun ekintzailea, pertsonengan jarritako konfiantza eta gizarte solidario eta bidezko baten aldeko konpromisoa” nabarmenduz.

Epaimahaiak aintzat hartu du “Canceloren ekarpen baliotsua garapen ekonomiko eta sozialaren alde, enplegua sortuz eta ingurunearen hobekuntza eta guztien ongizatea bilatuz”.  Baina, batez ere, “beste enpresa eredu baten adierazgarri izan izana” aitortu dio epaimahaiak Cancelori, “mozkinak, merkatua, eraginkortasuna eta antolamendu egokia ez daudela lehian elkartasunarekin eta ardurak partekatzearekin, eta lankidetza, zintzotasuna, apaltasuna, esfortzua eta nekaezintasuna ez daudela lehian errentagarritasun ekonomikoarekin eta, batez ere, sozialarekin”.  

Epaimahaiak Canceloren lan ibilbide “sendoa eta koherentea” hartu du kontuan. 1969an, euskal enpresa handienetako baten sorreran parte hartu zuen, Eroski. Bertako zuzendari izan zen 1990. urtera arte. Urte berean, Eroski Taldeko presidente izendatu zuten. 1992an, Mondragon Taldeko Banaketa eta Elikadura Dibisioko presidenteorde izan zen eta 1995ean MCC Taldeko Kontseilu Orokorreko presidente izendatu zuten.

Ikasten eta lanean

Zamorako herri txiki batean jaioa, ATS ikasketak egin eta horretan jardun zuen lanean denbora batez. 60ko hamarkadaren hasieran gurasoekin Eibarrera etorri zen eta kezka sozial, erlijioso eta kulturalak zituen gazte talde batekin egin zuen bat. Testuinguru honetan, helburu sozialak zituzten zenbait enpresa-ekimenetan interesa agertu eta, azkenean, kontsumo kooperatiba baten sorreran parte hartu zuen, Juan XXIII izenarekin, eta bertako zuzendari izan zen. Kooperatiba hau 1969an sortuko den Eroskiren jatorrizko muinaren parte izan zen.

Formazio egokirik gabe enpresa munduan zuzendaritza postuetan aritzeko, aldi berean ikasten eta lanean jardun zuen. Eroskiren zuzendaritza hartu zuen eta 25 urtez egon zen  bertan. Denbora horretan estatuan inoiz egon den kooperatiba handiena bihurtu zen eta banaketaren sektorean aritzen diren hiru enpresa garrantzitsuenetako bat izan zen.     

Bere lan ibilbideko azken urteetan, Mondragon Taldeko presidente izan zen sei urtez. 28.000 lanpostu izatetik 60.000 izatera pasa zen urte horietan.

Egun, enpresen aholkularia da, hitzaldiak egiten ditu eta hainbat argitalpenetan artikuluak idazten ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak