Bide Azpiegitura departamenduaren aurrekontua 77.744.655 eurokoa izango da 2016 urtean, iaz baino 7,5 milioi euro gehiago. Aintzane Oiarbide foru diputatuak nabarmendu duenez, kontserbazioa eta artapenak izango dute pisua. Artapen berezian eta prebentzioan jarri gura du sailak indarra eta horretarako, programa berezi bat jarriko dute martxan beste 11.219.230 eurorekin. Artapenerako, guztira, 56.193.352 euro bideratuko ditu Bide Azpiegituren sailak.
Departamenduaren ildo nagusiak ere eman ditu jakitera Oiarbidek gaurko agerraldian. Estrategikotzat lau lerro jo ditu foru diputatuak:
- GI-632 errepidearen Bergara-Antzuola zatiaren proiektu berria idazten bukatu eta lanekin hasteko ia 3 milioi euro.
- N-1ean trafiko kudeaketarako eta Gipuzkoa zeharkatzen duten kamioilariek errepide honen erabilera ordaindu dezaten politikak martxan jartzeko, hala nola Etzegarateko ordain saria ezartzeko , 10 milioiko partida aurreikusi da.
- Aurrekontuetan jasota daude, baita ere, Azkoitia-Urretxu errepidearen eta Deba-Mutriku errepidearen proiektuak idaztea.
- Proiektu txikiei eta udalen eskaerei aurre egiteko partidak ere jasota daude.