Eskubaloian, Izarraitz Aloña Mendik 28-20 irabazi dio Hondarribiari

Arantzazu Ezkibel Galdos 2015ko aza. 8a, 17:57

Euskadiko txapelketako zazpigarren jardunaldia jokatu dute gaur Zubikoan Aloña Mendik eta Hondarribiak. Etxekoak hasieratik izan dira nagusi bai kantxan eta baita markagailuan ere. Defentsan egindako lan onari esker arazo barik irabazi dute partidua. Maila berean jokatzen duen Ford Mugarrik ere irabazi egin du Urdanetaren aurkako lehia: 30-27.

Izarraitz Aloña Mendi partidu guztian izan da markagailuan aurretik. Hasierako minutuetan defentsan oso lan ona egin dute; baina, erasoan, gauzak ez zaizkie irten nahi izan duten moduan. 15. minututik aurrera hobeto jokatzen hasi dira eta horrek bere saria izan du markagailuan.

Atsedenaldira 14-10 aurretik joan dira etxekoak.

Defentsan egon da gakoa

Bigarren zatian etxeko jokalariei kosta egin zaie partiduan sartzea: horren ondorioz, Hondarribia markagailuan urreratu egin da. Hala ere, oñatiarrek oso lan ona egin dute defentsan eta hor egon da partidua irabazteko gakoa. "Oso lan ona egin dugu defentsan", azaldu du partidu amaieran Aitor Aranburu Aloña Mendiko entrenatzaileak. Erasoan ere fin ibili dira: gaurkoan, Andoni Bernalek 11 gol egin ditu.

Talde gaztea da Aloña Mendi

"Ez genuen ezagutzen taldea eta ez genekien nola jokatuko zuten. Iaz maila galdu zuten eta taldea berrituta daukatela bagenekien", azaldu du Aranburuk.

Izarraitz Aloña Mendik talde gaztea du. Euren nahia partiduz partidu joatea da.

Ford Mugarri 30-27 Amazsa Urdaneta

Euskal ligan jokatzen duen Ford Mugarrik 30-27 irabazi dio Urdaneta taldeari. Modu horretan, arrasatearrek sailkapeneko lehenengo postuan jarraitzen dute, 14 punturekin.

Izarraitz Aloña Mendi hirugarren postuan dago 12 punturekin.

Aloña Mendiko emakumeen taldeak ere irabazi egin du

Euskadiko txapelketan diharduen emakumeen taldeak 28-20 irabazi dio domeka goizean Aiala taldeari. Iturritxo taberna Aloña Mendi sailkapeneko bigarren postuan dago 10 punturekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak