Kilometroak: lekukoa herriari emango diote jaiaren hasiera ekitaldian gaur

Ubane Madera 2015ko aza. 6a, 08:00

Bergarako Aranzadi Ikastolako eskolako patioan da hitzordua –herriko pilotalekuan, eguraldiak laguntzen ez badu– gaur, egubakoitza, 19:00etan. Orduan hasiko da Bergaran hirugarren aldiz izango den Kilometroak 2016 jaia lehen urratsak egiten.

"Aranzadi Ikastolaren berezitasun bat bada abangoardia, berrikuntza, kutsu modernoa, Bergararen estilora moldatzen dena, eta horrelakoa da arropa, leloa eta logoa aurkezteko prestatu duten ekitaldia ere. Desberdina, polita, jendea aho zabalik utziko duena", iragarri zuen Mikel Egibarrek, Kilometroak 2016ko lurralde koordinatzaileak.

Bertaratzeko sarrerak doan dira, eta ikastolan bertan zein Bergarako kultura etxean eskura daitezke.

"712 ikasle desberdin"

"Hemendik eta urriaren 2ra arte, 2016ko Kilometroak egunera arte Aranzadi Ikastolak dituen "bi eratako helburuak" iragarriz aurkeztu zuten KMK 16ren hasiera ekitaldi hori, Donostian aurkeztu ere, Ikastolen Etxean egindako prentsaurrekoan, martitzenean.

Soziala da helburuotako bat, Aranzadi Ikastolako zuzendari Ane Barrusok esplikatutako moduan: ikastolek duten ahalmena nabarmentzea, alegia, berau osatzen dutenen aniztasuna eta bertako kideen arteko kooperazioa balioan jarrita, zehazki.

Datuak dira aniztasun horren islarik finena. "712 ikasle desberdin" ditu Bergarako ikastolak: "Desberdin fisikoki, desberdin adimenari dagokionez (…) Gurasoak, familiak ere modu askotakoak ditugu: handiak, txikiak, familia eredu desberdinak…. Hemengoak, kanpotik etorriak, euskaldunak, erdaldunak (…) eta horiek guztiak elkartuta egiten dute ikastola anitza".

"Bergararron jaia"

Kooperazioari dagokionez, berriz, ikastolako zuzendariak adierazi du horixe dela, hain justu, "Aranzadi Ikastolaren erronka nagusia 2016ko Kilometroetarako: urte honetan zehar eta jaian bertan adimen, adin, pentsaera, sentimendu, joera, jatorri, hizkuntza, gaitasun desberdin horiek guztiak batzea eta elkarrekin lanean jartzea Kilometroen, euskararen eta ikastolen mesedetan (…) Herriko jendea, herri eragile guztiak batu, norbanakoak… batzar irekien bitartez, Kilometroak jaia izan dadin bergararron jaia, eta eurek antolatzea; ez guk antolatu eta eurei laguntza eskatu, baizik eta denok batera, nork bere jakituriatik, ezagutzatik eraiki dezala nahi duena Kilometroen egunean eta urtean zehar euskararen eta ikastolen alde egiteko".

Hori oinarri, gaurko ekitaldian Usurbilgo Udarregi Ikastolatik jasotako lekukoa herriari eskainiko diote ikastolako kideek: "Erabakita daukagu ostiralean udaletxera bideratuko dela, pentsatzen dugu alkatea etorriko dela Kilometroen aurkezpenera, eta haren eskutik herriko etxera eramango da, denon eskura edukitzeko", esplikatu du Aitziber Lopez de Aretxagak, Aranzadiko presidenteak.

Horren adierazle da, baita ere, dagoeneko proiektuan murgilduta buru-belarri dihardutenen kopurua: "Ekainean 15 lagun ginen honetan genbiltzanak, uztailean 30, momentu honetan 100 pertsona inguru gabiltza eta laster batean 200 bat aritu gara, prebentzioa, zirkuitua, zirkulazioa… gehitzen direnean. Poliki-poliki herri eragileak integratzen doazen neurrira, bola gero eta handiagoa izango da, bolatxo desberdinez osatutako bola handi bat eta urrirako 2.000 lagun izango ditugu lanean eta 80.000-100.000 gipuzkoar Bergaraz gozatzen", jakinarazi zuen Ekaitz Aranberrik, KMK 16ko Bergarako koordinatzaileak.

Ezinbesteko baliabide

Bergarako ikastetxearen bigarren helburuari erreparatuta, berriz, jakinekoa den moduan, Kilometroak moduko jaiek behar jakin bat asetzeko lagungarri izateko helburua dute bere baitan: behar finantzarioa: "300 ikaslerentzat lekua egin behar zelako, eta baita eraldaketa pedagogikoa aurrera eramateko instalazioak egokitu ere". Horrek ekarri zion Bergarako Ikastolari, hain justu, 2010ean eraikin bakarrera pasatu beharra, eta ondorengo gastuak; hori guztia egin ahal izateko "maileguak ordaintzen laguntzeko" ezinbesteko baliabide izango da, bada, Kilometroak 2016.

Gaurko hitzordua borobilduta, hurrengoa ere egin dute: azaroaren 9a. KMK 16ko dendak orduantxe zabalduko ditu ateak, "arropa polita eta osagarriak" saltzeko, Bidekurutzeta kalean.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak