Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailak 437,5 milioi kudeatuko ditu, aurten baino %2,3 gehiago

Leire Kortabarria 2015ko aza. 4a, 17:34
Arantxa Tapia, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburua, artxiboko irudi baten.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailak 437,5 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurtengoa baino %2,3 handiagoa, Arantxa Tapia sailburuak jakinarazi duenez.

Teknologia, Lehiakortasun eta Berrikuntza Sailburuordetzak izango du aurrekontu handiena: 144 milioi euro. Bereziki, industriarako teknologia programak kudeatzea izango da bere lana. Programa horiek irizpide berriekin zuzendu beharko dira, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea berrordenatzeko dekretuak markatzen duen arabera.

2016an laguntza eta sustapen programen deialdi berriak egingo dira: Hazitek, 67,9 milioiko dotazioarekin; Emaitek, 27,4 milioirekin; Elkartek, 24 milioirekin; eta Berrikertu, 2,2 milioirekin.

Aurtengo aurrekontuarekiko hazkunde handiena Industria Sailburuordetzak izango du: 104,2 milioi izango ditu, aurten baino 8 gehiago. Sailburuak nabarmendu duenez, industria garapenerako tresnei eutsiko zaie. Berritasun batekin: Indartu programak 9 milioiko hornikuntza izango du, Bizkaiko Ezkerraldean eta Gipuzkoako Oiartzualdean industria inbertsioak eta enplegua sustatzeko.

Nazioartekoratze programa guztiei eutsiko zaie, enpresara begira, 26,2 milioirekin; bestalde, gazteendako 470 beka emango dira, denetara 6 milioirekin.

Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak 41,8 milioiko aurrekontua izango du; 28,2 merkataritzarako izango dira, eta 13,5, turismorako.

Nazioarteko zenbait turismo azokara joango da Sailburuordetza; besteak beste, Fitur, Berlin eta Londresko azokak, eta promozio ekintza zehatzak egingo dira Britainia Handian eta AEBetan.

Azkenik, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak 129,2 milioiko aurrekontua izango du. Hazkunde handiena Arrantza Zuzendaritzak izango du: 14 milioitik 16 milioi kudeatzera pasatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak