Denetara 1.400.000 eurorekin, diru-laguntza lerro hau joan den martitzenean onartu zuen Gobernu Kontseiluak, eta joan den legealdian martxan jarritako ‘Gipuzkoa, ekiten duen lurraldea’ estrategia eguneratu eta pauso bat aurrera eman nahi du. Kasu honetan, ekimenaren izenburua da ‘Enpresen arteko lankidetza eta enpresetan adimen lehiakorra sustatzeko programa’. Dagoeneko interesa duten enpresek beren egitasmo eta proiektuak aurkeztu ditzakete.
Lehen deialdiak milioi bat euroko kopurua izango du, joan den urtean hasitako lan lerro batean sakondu asmoz. Enpresen arteko elkarlana bultzatzea du helburu, eguneroko lanean gaur egun aurkitzen dituzten desafioei modu eraginkorragoan aurre egiteko. Gipuzkoako sare sozioekonomikoaren osaerak eta tamainak enpresen arteko lankidetza eta prozesu berriak eskatzen dituzte, bakarka ezin lortuko lituzketen helburuak lortzeko. Osagarri izan daitezen da helburua.
Adimen lehiakorrerako laguntza berriak
Bestetik, adimen lehiakorra garatzeko egitasmoak laguntzeko bigarren deialdi bat ere jarriko du martxan programa honek. Enpresek beren erabaki estrategikoak hartzeko garaian informazio zehatza, egokia eta eguneratua izan dezaten, hobekuntza eta sistema berritzaileak diruz lagunduko dira. Lan lerro hau erabat berria da eta horretara bideratuko dira 400.000 euro.
Gaur aurkeztutako programa eskualdeetako garapen agentziekin, klusterrekin, enpresa elkarteekin, aholkularitza entitateekin eta sektoreko beste eragileekin elkarlanean garatuko da. Horiek preskriptore moduan eragin dezaten saiatuko da Foru Aldundia, deialdi hauek enpresa txiki eta ertainetara irits daitezen.