Garaipena baino gehiago (3-2)

Xabier Urtzelai 2015ko aza. 1a, 19:41

Hirugarren mailako lehenengo garaipena eskuratu du Aretxabaletak, sailkapenean dezente gorago zegoen Beasainen kontra. Hala, domekako siesta futbol partidu batengatik ordezkatzea merezi izan duen arratsaldean Gorka Valleren mutilek arnas apur bat hartu dute, baina hori baino gehiago, kategoria honetan lehiakorrak izan daitezkeela erakutsi diete zaleei. Zaleei, eta baita euren buruei ere.

Gauzak diren moduan, partiduak izan duen amaiera ikusgarriak ez gaitzala itsutu, lehenengo zatian harmailetan batutakoek ez dutelako futbolaz bibratu. Egoera ez zegoen horretarako, eta hirugarren mailako jokatzeko moduak ere tarte txikia uzten diote emozioari, gol festei eta aparteko iraultzei. Gehiago izaten da joko taktikoa, kontrarioa metroz metro menderatzen joatea, eta posible bada, bi pase luze eginda eraso jokaldiak lotzea. Hala, lehenengo zatian 0-0ekoaz erretiratu dira bi taldeak aldagelara, ate inguruetan ibili bai baina gol aukera garbirik izan ez duten 45 minuturen ostean.

Bigarren zatian, 0-2koari buelta

Bigarren zatian, baina, denetik gertatu da. Aretxabaletak bi aurpegiak erakutsi ditu: onena eta txarrena. Txarrenaz hasiko gara. Beasain UDA baino hobeto irten da bigarren zatian berdegunera, eta eraso jokaldiak sortzen hasi da. Hala, area barruan Gartzik egindako falta bat tarteko epaileak Beasainen aldeko penaltia adierazi du, eta Agirregabiriaren aurrean Beasaingo Urzelaik ez du barkatu (0-1). Hor hasi dira Aretxabaletakoen arazoak, bost minutu geroago zelai erdian galdutako baloi baten ostean –faltaz– Beasainek kontraeraso azkar bat egin duelako, eta Aretxabaletakoen atzeko lerroa hautsita Olaizolak –ezker hankaz– bikain gurutzatu du baloia (0-2). 

Zaitegiren eta Erañaren hanketatik, iraultza

Zaila, oso zaila zirudien egoera horri buelta ematea. Baina Aretxabaletakoen iraultzan norbaitek zeresana izan badu, 22. minutuan zelairatu den Julen Zaitegi izan da. Etxekoak aurrean erreferentzia garbi bat izatera pasa dira, eta duen gorpuzkeraz arrasatearra Beasaingo atzelarien buruhauste bilakatu da. Hala, jokaldi horietako batean Zaite airetik zetorkion balio bat berdegunera jaisteaz arduratu da, eta eskuinean ondo ikusi du Pachecoren barneraketa. Honek lehenengo defentsa driblatu du area barruan, baina bigarrenak aurretik eraman du: penaltia. Zaitegi gol gosez zegoen, eta berehala hartu du penaltia botatzeko ardura. Kale egin baino, Beasaingo atezain Iturbek –azken urteotan Antzuolan jokatu duena–  gelditu ederra egin du, baina aldaratzean aretxabaletarrak Beasaingo atzelariak baino azkarrago ibili dira, eta Julen Erañak egin du berdinketaren gola (2-2).

Azken minutuak eroak izan dira, baina harmailetako zaleen bultzadaz Aretxabaletak garaipenaren aldeko apustua egin du, eta behingoagatik horretan sinistuta, bete betean asmatu dute. Tartean, ezin aipatu barik utzi, Agirregabiria atezainak egindako bizpahiru geldiketa erabakigarri egon dira. Eta deskontu minutuak gertu zeudela, beste kontraeraso azkar bat eskuin aldetik, Pachecoren barneraketa ona –Aitor Perezen pase bikain baten ostean–, eta Pachecok erdiratu, Zaitegik takoiaz Erañari, honek lehenengoan errekortea, eta bigarrenean, eskuin hanakaz, barrura (3-2). Zoramena harmailetan. Garaipen gosez ziren zaleak, eta baita jokalariak ere, dagoeneko sei berdinketa zeramatzan-eta UDAk.

Aurretik aipatu moduan, hiru puntu baino ez dira, baina moralki bikain etorri zaio Aretxabaletari garaipen hori. Behar zuten.

Gainontzeko partiduetako emaitzak 

Ohorezko erregional mailan Aloña Mendik 2-2 egin du Elgoibarren zelaian. Erregional preferentean izandako Antzuolakoen eta Aretxabaletakoen arteko derbian 0-3 nagusitu dira aretxabaletarrak. Mondrak eta Bergarak ere eta balio handiko garaipena aurrealdeko postuetan jarraitzeko. Mondrakoek, 1-3 Elgoibarren zelaian, eta Bergarak ostera etxean, 2-1 Usurbilen kontra. 

Antzuolaren eta Aretxabaletaren arteko partiduko irudia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak