Langabeen %60k uste dute ikasketekin zerikusia duen lana aurkituko dutela

Leire Kortabarria 2015ko urr. 31a, 08:00

Euskal Autonomia Erkidegoko 10 langabetik seik uste dute eurek ikasi dutenarekin zerikusia duen lanpostua aurkitu ahal izango dutela. Espainiari dagokionez, langabeen erdiek bakarrik ikusten dituzte aukerak. Gainera, Euskadiko langabeen erdiak egongo lirateke Euskaditik joateko gertu lanpostu batengatik. Ikerketa baten emaitzak dira.

Langabeziaren inguruko ikerketa egin du Recruitery.jobs-ek, jendaurrean lan egiten dutenendako enplegu-ataria. Horretarako, lan bila modu aktiboan dauden Espainiako eta Hego Euskal Herriko 5.000 langabe baino gehiagori galdetu diete.

Euskadin, galdetutako langabeen %3,6k bakarrik uste dute euren ikasketekin zerikusia duen lanpostua aurkitzea "ezinezkoa" dela, eta %35,7k "aukera txikia" ikusten dute. Espainian, langabeen %52k ez dute ikusten euren ikasketekin lotuta dagoen lanpostua aurkitzeko aukerarik; %43,9k aukera txikia ikusten dute eta %8k ezinezkoa dela deritzote. %34,2k aukerak ikusten dituzte eta %13,9k aukera handiak dituztela uste dute.

Emakumeak baikorragoak dira: %53k uste dute ikasi dutenarekin lotutako lana egin ahal izango dutela, eta gizonezkoen kasuan, %57k uste dute euren kasuan ez dela hala izango.

Erdiak gertu daude Euskaditik kanpo joateko

Euskadiko langabeen %53,6 gertu egongo lirateke Euskaditik kanpo bizi izatera lan batengatik. %7,1ek ez lukete bere hiria utziko, %25ek ez lukete bere lurraldea utziko eta %14,3k ez lukete Euskadi utziko. %17,9 gertu egongo lirateke Espainiako edozein lekura joateko, eta %28,6 gertu egongo lirateke munduko edozein tokira joateko. Hala ere, euskal langabeen %80 soilik EAEn ari dira lan bila.

Espainiari dagokionez, zifrak bestelakoak dira: bakarrik langabeen %30ek utziko lukete Espainia lanpostu batengatik. %19,3 gertu egongo lirateke Espainiako beste edozein tokira joateko.

Espainiako langabeen %51k uste dute datozen sei hilabeteotan aurkituko dutela lanpostu bat, eta %77k uste dute urte bete baino lehenago aurkituko dutela.

Langabeen %33k dute ingelesezko tituluren bat

Hizkuntzen gainean ere galdetu du webgune horrek. Euskadin, langabeen %33k daukate ingelesezko titulu ofizial bat, eta %20,8k ez dute ingelesa ezer ere hitz egiten. Espainian, hurrenez hurren, %11 eta %15 dira zifrak.

Azkenik, lan-bilaketa nola egiten duten ere galdetu dute. Espainiako langabeen %55,1ek bakarrik Internet erabiltzen dute, eta %41,8k, Internet eta ohiko medioak. Bakarrik %8k bilatzen dute lana ohiko medioetatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak