Musikariak, Euskal Herriaren enbaxadore

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko urr. 31a, 09:00

Atzerriko musika talde asko etortzen dira Debagoienera jotzera; Estatuan egiten ari diren biraren zati bat Euskal Herrira luzatuta batzuk, eta bertako musika taldeek gonbidatuta beste asko. 

Talde trukaketa horiek aukera ematen dute euskal talde askoren doinuak atzerrian zuzenean entzuteko. Arrasateko Anger taldeak, esaterako, kontzertu bi egin zituen aurreko asteburuan: Italian egubakoitzean eta Suitzan zapatuan. Euskal Herriarekiko elkartasuna adierazteko jaialdietan izan dira, Markinako Oliba Gorriak taldearekin batera. Bidaia ahaztezina; eta azkarra besteko emankorra izan dela esan dute arrasatearrek.

Emon bergararrak 

Italian eta Londresen jotakoak dira, eta aurten Katalunian zortzi kontzertu egin dituzte. "Inoiz baino kilometro gehiago egingo ditugu furgonetan. Oso gustura gaude aukera hau izateaz; nerbio puntuak ere badauzkagu, baina, beti bezala, dena emango dugu, Suitzan markatxoa utzi nahi dugu eta", dio Aritz Alustizak. 

Suitzako kontzertu antolatzaile batengana iritsi zen Bergarakoen Sua diskoa; proposamena gustatu, eta hiru kontzertuko bira antolatu zieten. Azaroaren 4an iluntzean abiatuko dira zortzi musikari eta soinu teknikaria. Bernan egingo dute lehenengo emanaldia, hurrengo egunean, Huttwillen izango dira gero eta Langenthalen egingo dute hirugarrena. "Hiru aretotan emango ditugu kontzertuak. Azkeneko egunean ska jaialdi batean joko dugu, beste bi talderekin batera.  Errepertorioari dagokionez, ez dugu ezer aldatuko, aurtengo biran eskaintzen gabiltzan zuzenekoa eramango dugu".

Arrasateko Los Galerna 

Hirugarrenez joango dira Arrasatekoak Mexikora, zapatuan. Bi aste egingo dituzte han, En la calzada de los muertos biran, hamar kontzertu egiteko asmoarekin. "Hildakoen Egunaren harira antolatutako jaialdi handietan dira horietako bi; zirkua eta bestelako arte diziplinak batzen dituzte. Gainontzekoak areto txikiagoetan dira. Lehenengora ez gara kide guztiak helduko, eta hango The Cavernarios taldeko lagunek beteko digute hutsunea", dio gitarra-jotzaileak.

Oraingoan ere, Mexiko Hirian izango dute Los Galernakoek kanpamentu nagusia. Zazpi lagun doaz, Lost Acapulco eta Juana La Rodillera taldeek gonbidatuta. Arrasaten ere egon eta jotakoak dira biak ala biak.

Hawkings Thuns, onenekin 

Besteak beste, Frantzian eta Portugalen jotakoa da Arrasateko oi! taldea. "Hamar emanalditatik bakarra egin dugu Euskal Herrian. Zapatuan, Munich ondoan egiten duten jaialdi batean izango gara, izen handia duten hainbat talderekin. Atera berri dugun disko laburra aurkeztuko dugu", dio Aritz Unamunok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak