Iban Asenjo, Judit Garcia, Inko Iriarte eta Jon Albizua dira herri akusazio gisa aurkeztu diren batzarkideak.
Iban Asenjo batzarkideak azpimarratu du Foru Gobernuaren jokabidea Bidegi Auzian "bereziki kezkagarria" izan dela azken hilabete hauetan: "EAJko Bidegiko zuzendari berria hiru inputaturekin elkartu da, akusazioa zeramaten abokatuak aldatu zituzten, Diputazioko talde juridikoko kide bat (hau da akusaziokoa) bi inputaturen defendatzaile izendatu zuten...".
Horri gehitu diote EAJ eta PSE-EE euren gehiengoa "erabiltzen" ari direla Bidegiko Administrazio Kontseiluan "onartezinak" diren hainbat erabaki hartzeko: "Astelehenean, adibidez, auziarekin zerikusirik ez duten hiru langile kaleratu zituzten. Aldiz, diru publikoa ustez desbideratzeagatik inputatuta dagoen langilea errepide bateko obraren arduradun izendatu zuten, kontutan izan gabe Administrazio Kontseiluak langile hori bera kaleratzea eskatu zuela, baldin eta inputatzen bazuten (eta halaxe gertatu da)".
"Foru Gobernua ez zaigu fidagarria iruditzen Bidegin izan diren ustezko irregulartasunak argitzeko. Horregatik, EH Bilduko batzarkideok ez dugu herri akusazio gisa aurkeztea beste irtenbiderik ikusi", azaldu dute.