Mikel Aristi: "Frantziako Kopako lasterketetan jarriko du taldeak indarra"

Xabier Urtzelai 2015ko urr. 29a, 12:00

Profesionaletara saltoa egin ostean atzera ere amateur mailara egokitu behar izan du aurten Mikel Aristik (Bergara, 1993). Baina bere kirol bizitzan, berez, atzerapausoa zenari txispak atera dizkio, Euskadi EDP taldeaz zazpi garaipen eskuratuta. Ia azaroan jaso du saria, ostera ere profesional mailara egingo du jauzia, Frantziako Delko Marseille-Provence KTM taldearen deia jaso berri du-eta.

Urduritzen hasita zeunden?

Egia esan bai, badakidalako txirrindularitza ze egoeratan dagoen, eta talde gutxi daudenez aukerak ere halakoak izaten dira. Beti dago zer hobetu, baina urte ona egin dudala uste dut, eta banuen deiren bat jasotzeko esperantza. Gainera, irailean deirik jaso ez duzula ikusten baduzu lanean jarraitzen duzu, oraindik lasterketak daude gauzak ondo egiten saiatzeko; baina denboraldia amaitzen denean eta deirik ez datorrela ikusterakoan... 

Zorion mezuak jasotzeko egunak izan dira hauek, hortaz.

Bai, eta asko eskertzen dira, gainera. Ingurukoek eta ziklismo-zaleek sarritan galdetzen zidaten ea talderen batek interesik erakutsi duen, ea profesionaletara pasako naizen... Presio hori norberak ere igarri egiten du, baina eskertzen dut jendeak interesa erakutsi izana. Ziklismoa kirol ikuskizun bat da, eta jarraitzaileei esker egiten dugu aurrera.

Amateur mailan beste urtebete egiteko prest zeunden?

Bai, garbi neukan baietz. Beste urte bat egingo nuke, baina gaztea izan arren nire kirol bizitzari muga bat jarriko nioke, jakinda, aukera barik geratzen ari nintzela. Elite mailara pasatzerakoan are eta zailagoa da profesionaletara salto egitea, dagoeneko beteranotzat hartzen zaituztetelako, eta benetan garrantzitsuak diren lasterketa askotatik kanpo geratzen zarelako.   

Zelako urtea izan da 2015a?

Bada, egia esan behar badut, aspaldi ez moduan gozatu dut bizikleta gainean. Hasieran presio larregitxo jarri nion nire buruari, urte erabakigarria izanda dena ondo egin gura nuelako, eta askotan horrek ez ditu emaitzarik onenak ematen. Askotan, dena ondo egiten saiatzea baino hobe izaten da burua lasai mantentzea. 

Bizikleta gainean gozatzea falta zitzaizun, hortaz.

Baina hasierako hilabeteetako egoerari buelta eman, eta inoiz baino gusturago ibili naiz bizikletan, gozatu egin dut entrenatzen eta lasterketetan lehiatzen. Eta hor hasi ziren emaitzak iristen. Taldean oso giro ona izan dugu, Jorge Azantzak izugarri lagundu gaitu, gure gainean egon da, eta asko ikasi dugu hari esker. Prestakuntza ere inoiz baino hobea izan dela esango nuke, eta Madariaga ere lasai ibili da, uneoro taldekideak animatzen. Hala, lasterketa asko irabazi ditugunez, jai giroan ibili gara beti, horrek ere asko laguntzen du.

Aurtengo ze garaipen azpimarratuko zenuke?

Toledoko itzulian eskuratutako garaipena. Berez, zail ikusten genuen sailkapen orokorra irabaztea, eta Mikel Iturriak eta biok dobletea egin genuen, sailkapen orokorra eta azken etapa irabazita. Eskutik helduta iritsi ginen biok helmugara, talde osoak egin zuen lan ona, eta halako garaipenak bereziak izaten dira.

Dagoeneko barneratu duzu Frantziara lehiatzera joatearen erabakia?

Bai, erabakia barneratuta daukat, baina taldea gertuagotik ezagutzeko irrikan nago. Taldekideak ezagutu, taldea bera zelan antolatuta dagoen ikusi, hizkuntzarekin zelan moldatuko naizen... Izan ere, ingelesez nahiko ondo moldatzen naiz, baina frantsesa ez dut sekula ikasi. Baina beno, gogo handiz nago, eta zailtasun txiki horiei emango diegu buelta. Abenduan izango dut eurekin lehenengo kontzentrazioa, eta urtarrilean ostera ere elkartuko gara. Oraingoz neurriak hartu dizkidate, arropendako eta bizikletarako, baina ez dut arduradunekin hartu-eman gehiago izan. 

Zelako taldea da Marseillakoa?

Herri mailako klub batetik sortutako taldea da. Poliki-poliki hasiz joan dira, amateur mailan ezagutu nituen nik, duela urte gutxi, eta pausoak emanda aurten Kontinental Profesional mailan lehiatuko gara. Delko da babesle nagusia, autoendako tailer marka bat da, Frantzia osoan zabalduta dagoena, eta KTM marka sartu berri da; euren bizikletak izango ditugu.

Eta, zelako lasterketetan lehiatuko zarete?

Dakidanez Frantziako Kopa izango da taldearen helburu nagusia, eta bertan izango ditugu lasterketa asko. Eta hortik aurrera, imajinatzen dut batera eta bestera ibiliko garela.

Baina, Marseillara bizi izatera joateko asmorik bai?

Ez, Bergaran geratuko naiz. Marseilla Frantziako hegoaldean dago, eta han bizi izanda ere lasterketa askotara joateko bidaia luzeak egin beharko nituzke berdin-berdin. Etxean geratuko naiz, jakinda, dezente bidaiatu beharko dudala.

Ilusioa izaten da zikliston motorra. Ostera ere topera? 

Bai, zalantza barik. Denboraldi honi akaso halako berri bat falta zitzaion, sari bat da, datorren urtea ostera ere topera hasteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak