2016rako aurrekontuen proposamena onartu du foru elkartearen Administrazio Kontseiluak, "egoera ekonomiko onarekin". Atzo, astelehena, egin zuten bilkura, Zarauzko egoitzan, Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide buru zela. Bertan, Bidegiko zuzendari Alfredo Etxeberriak aurkeztutako proposamenei babesa agertu zieten kontseilariek.
Kontu eta finantzen "egoera ona"
Oiarbidek honakoa azpimarratu du: "Administrazio kontseiluak aztertu dituen datuen arabera, foru elkartearen kontu eta finantzen egoera ona da. Bere konpromisoei aurre egiteko gauza da Bidegi".
Agerraldia Batzar Nagusietan
Aldunditik adierazi dutenez, Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egingo du diputatuak, hark hala eskatuta, honen guztiaren berri emateko. Bidegiren 2016rako aurrekontuen proposamena onartu ondoren, aurrekontuak Diputatuen Kontseilura igorriko dira, bertan aztertu eta, horrela badagokio, onartuak izan daitezen.
Autobideetako trafikoak gora
Atzoko bileran, 2015ean bi autobideetan izandako joan etorrien igoeraren berri izan zuten kontseilariek. Abuztuko datuen arabera, ibilgailu arinak %3,5 igo dira eta ibilgailu astunak, berriz, %7,60. Ekitaldiaren itxieran, trafikoak, 2014arekin alderatuz %4 igotzea aurreikusten da. Horrek 2015erako diru sarrerekiko eginda zeuden aurrekontuetan bere isla edukitzea espero da, %6ko igoerarekin.
Zergak beste premia gatzuetara
Diputazioko prentsa oharrean adierazten denez, "Bidegik daraman kudeaketa medio, errepideen kudeaketarako eskuduntza duen Gipuzkoako Foru Aldundiak, beste helburuetara bideratu ahal ditu zergak, hala nola gizarte politikak indartzera, jarduera ekonomikoa babestera eta bultzatzera, eta Gipuzkoako lurraldearen oreka eta gipuzkoarren ongizatea bermatuko dituzten programetara".