Lehenengo zatian indarrak oso parekatuta ibili dira, eta arrasatearrek aurrea hartu orduko berdintzea lortzen zuten oñatiarrek. Azken minutuetan, baina, aurrera egin dute Ford Mugarrikoek eta atsedenaldira joan dira 12-8.
Bigarren zatian aurrera egiteko gogoz irten dute Aloña Mendikoek eta hurbildu ere egin dira, baina, ezin izan dute berdindu. Asier Valle atezainaren lan bikaina tarteko, azkenean gora egin dute arrasatearrek eta bukaeran 26-19. "Orokorrean hobeak izan dira, ez dago zalantzarik, hortaz, eskua eman eta aurrera", esan du bukaeran Andoni Bernalek, iaz Ford Mugarriko jokalari izandakoak eta aurten Aloña Mendin diharduenak. Hala, bosgarren jardunaldian eta partidurik galdu barik, sailkapeneko buruan dago Arrasateko taldea.
Eskerrak agur esan duten hiru jokalariri
Ford Mugarri Arrasate taldean urte askoan jardun eta azken denboraldian agur esan duten hiru jokalari omendu gura izan dituzte atsedenaldian: Kepa Isasmendi, Ekaitz Aranburuzabala eta Oier Ortiz de Mendibil. Zaleen txaloak eta elkartearen opariak jaso dituzte horiek.