Etxetik kanpora bilatu beharko dute garaipena ibarreko talde gehienek

Josu Bilbao 2015ko urr. 23a, 14:56
Mondra futbol taldea.

Mondra izango da etxean jokatuko duen talde bakarra, bihar, 16:30ean. Norgehiagoka bukatu bezain laster taldeko beteranoek omenaldia egingo diote orain dela aste pare bat zendu zen Anton Losadari.

Hirugarren Mailan, UDAk liderraren aurka jokatuko du igandean, 17:00etan. Aretxabaletako taldeak, ez du garaipena ezagutzen denboraldi honetan, 6 berdinketa eta 4 porrot jaso ondoren, eta zaila izango du liderraren etxean 3 puntuak eskuratzea. Azkeneko jardunaldian Aurrera Ondarroaren kontra 1-0 galdu ondoren, sailkapeneko zulotik irteteko puntuak azkar bildu beharko ditu.

Erregional Ohorezko Mailan, Aloña Mendi laugarren sailkatua da, 11 punturekin, eta taulan aurrerapauso polita eman dezake Hernaniren aurka hiru puntuak lortzen baditu, bihar, 16:00etan. Hernani 12. sailkatua da, 7 punturekin, eta Aloña Mendik gogor lehiatu beharko du etxetik kanpora garaipena lortzeko. Oñatiko taldeak 1-3 irabazi zuen iragan astebukaeran Martuteneren aurka, eta bolada onari eusteko helburuarekin joango da Hernanira.

Lehen Erregional Maila

Mondrak Soraluze liderra hartuko du bihar, Mojategin. Bergarak, bestalde, Zumaiakoren kontra jokatuko du etxetik kanpora, eta Antzuolak Ilintxaren kontra izango du norgehiagoka, bihar,  Bikuñan. Aretxabaletak Beasainen jokatuko du, bihar ere, arratsaldeko 16:00etan.

Anton Losadari omenaldia

Mondra-Soraluze norgehiagokaren ostean, Arrasateko taldeko jokalari beteranoek omenaldi bat egingo diote orain dela aste pare bat zendu zen Anton Losadari. Mondrako harrobiko taldeetan entrenatzaile bezala hainbat urte ibili zen Losada, eta lehenengo taldeko delegatu moduan ere aritu izan zen, Igor Gordobil entrenatzailearekin batera, Atxabalpe zaharrean. Omenaldia, jokalari beteranoek egingo diote, 18:30ean, Soraluzeren aurkako partida bukatu bezain laster.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak