Euskadiko txapelketako oilarrak mokoka, eta gainera, derbian

Xabier Urtzelai 2015ko urr. 23a, 10:01

Euskadiko Txapelketako egutegia jakinarazi zutenean gutxik aurreikusiko zuten bihar, hilak 24, jokatu beharreko arrasatearren eta oñatiarren arteko derbiak halako saltsa izango zuenik. Batetik, konturatu orduko bi taldeak kategoriako oilar bilakatu direlako –oraingoz ez dute partidurik galdu– eta lidergoa jokoan egongo delako, eta bestetik, derbia izanda bi taldetako ordezkariak –eta ez jokalariak bakarrik– oso motibatuta daudelako biharko hitzordura begira (Iturripe, 18:00). 

Guztien artean motibazio berezia izango du, seguru, Andoni Bernalek. Azken urteak Arrasateko taldean egin ditu jokalari oñatiarrak, urte onak izan dira maila nazionalean, eta lagun asko utzi ditu atzean. Eta, bihar horietako asko izango ditu aurrean: "Partidua berdindu eta kitto, denok pozik", adierazi zuen brometan eguazteneko entrenamendu saioan. Serio esan bazuen, bakarra izango da pentsaera horrekin, bai batekoak zein bestekoak garaipen amorruz kantxaratuko direlako.

"Oñatikoek talde ona dute" 

Arrasate aldean ez dute halako ezusterik hartu Oñatikoak horren aurrean ikustean: "Orain arte Gipuzkoako ligan baino Bizkaikoan zentratu naiz gehiago, eta egia esan talde oñatiarra ez nuen askorik ezagutzen. Baina, aurrekoan partidu bat ikusten egon nintzen, eta talde ona iruditu zitzaidan", adierazi du Arrasatekoen entrenatzaile Patxi Gartziak. Eta taldeko kapitain Josu Herrero ere uste berekoa da: "Talde gogorra dute, eta jokalari handiak dituzte. Orain arte gu ginen ezaugarri horiek zituen taldea, baina denboraldi honetarako aldaketa handiak izan ditugu, eta orain azkarrago jokatzera derrigortuta gaude. Hala, jaurtiketak urrunetik egin beharrean sei metroko lerrora iristen ahalegindu behar dugu". 

Gartzia bat dator Herrerorekin: "Akaso guretako goiz da mailarik onena emateko. Bost jardunaldi baino ez ditugu jokatu, bideoz ikusi dut gure taldeak iaz zelan jokatzen zuen, eta erabat aldatu dugu joko-sistema".

"Uste baino hobeto" 

Oñati aldean, berriz, Aitor Aranburu entrenatzaileak aitortu du inork ez zuela espero horren ondo hasiko zirenik: "Lau partidutatik lau irabazi ditugu, oraingoz ezin da gehiago eskatu". Hala, liga hasiera honetan ez dute Arrasateko taldea askorik jarraitu; eta, iazko erreferentziek ez dute askorako balio: "Taldea asko aldatu delako. Ikusi dugunagatik azkar jokatzen dute, eta gure jokatzeko modua ere hori da, nahiz eta kanpotik jaurtitzeko ere badugun jende aproposa". 

Emakumezkoek etxean 

Bestalde, Euskadiko Txapelketan bosgarren dauden Aloña Mendiko neskek hirugarren dagoen Ereintzaren kontra jokatuko dute zapatuan etxean (17:30). Eta Gipuzkoako ligan, Bergarak Urnietan jokatuko du domekan (12:00), hain zuzen ere, kategoriako liderraren kontra. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak